Frankismoko langile-batailoietako presoei omenaldia eginen da larunbatean

Guaixe 2008ko maiatzaren 30a

Wiphalako Josu Rubiok eta Felipe Horcadak eta Unai Hualdek eta Iñaki Miguel zinegotziak jakinarazi zutenez, Oroimenaren Autobusa Altsasuko Foruen plazara 11:00etan iritsiko da. Ekitaldiak eguerdian hasiko dira. Ongi etorria hitzen ondoren Oroimenaren Autobusa ekimeneko kideek eta Unai Hualde alkateak hartuko dute hitza. Ekitaldiko hizketaldi nagusia Isaac Arenal Cardielena izanen da. Komunista eta madrildarra, Isaacek behartutako lanak egin behar izan zituen hainbat eskualdetan, besteak beste, Altsasu eta Agurain arteko trenbidean. Bere bizipenen testigantza 95 Batallon de Soldados Trabajadores liburuan utzi du. Hizketaldiak Haize Berriak bandako musikarien eta Bide Ertzean taldeko Ubeda anaien musikarekin doinuekin eta bertsolarien kantuekin tartekatuko dira. EskulturaLangile-batailoietan preso egon ziren pertsonen omenezko oroigarri bat jartzeko eskatu zion Wiphalak Altsasuko Udalari, eta honek onartu. Hasiera batean tren geltokian plaka bat jartzeko asmoa zegoen, baina ADIFen erantzuna luzatu egin da. Aurkezpenean esan zutenez "enpresak gaiarekiko ez du sentsibilitaterik azaldu". Horregatik, udaletxearen aurreko aldean, presoen oroimenezko eskultura jarriko da. Eskultura Jesus Mari Olmosek egin du eta trenbideko trabesak erabili ditu horretarako. Eskulturaren mustutzea Isaac Arenal Cardielek eginen du eta ondoren ohorezko aurreskua dantzatuko diote. Preso egondako pertsonei egindako omenaldia auzatearekin despedituko da. Altsasuko Udalak, bando bidez, herritar guztiak ekitaldian parte hartzera gonbidatu ditu. Gonbite berezia batailoietako kide izan ziren altsasuarrei eta haien senideei luzatu die. Oroimenaren AutobusaOroimenaren Autobusa Nafarroako geografian barnako ibilbidea apirilaren 7an hasi zuen eta garagarrilaren 23ra arte luzatuko du. Memoria historikoa berreskuratzeko mugimenduan aritzen diren elkarteen proiektua da autobusa. Egitasmoaren ardatza da "1936ko golpearen ondorioz gizartean eskubideen aldeko aldaketak bultzatu nahi izateagatik zigortuak izan zirenen memoria zabaltzea". Horrekin batera, beste aldarrikapen batzuk ere egiten ditu Oroimenaren Autobusak: sinbolo frankistak kentzea; errepresioaren tokiak seinaleztatzea; biktimekiko errekonozimendua edota egia ezagutzea, besteak beste. Autobusa bisitatzen dutenek 6 ikus-entzunezko ikusteko aukera izanen du, eta liburu-dendan liburuak erostekoa. Nahi duenak bere lekukotzak uzteko postontzia ere izanen da Oroimenaren Autobusean. Bestalde, ekimena laguntzeko autobuserako txartela edo laguntza-bonoa atera dute, bi eurotan saltzen dena. Autobusarekin batera bestelako jarduerak ere izanen dira Altsasun. Hala, heldu den ostegunean, Josu Txueka historialariak Gurseko kontzentrazio-eremu nazioan izan ziren exiliatu errepublikanoei buruzko hitzaldia eginen du. Horretaz gain, Iortia kultur gunean ere, Memoria para el mañana erakusketa ikusteko aukera izanen da astartetik garagarrilaren 15era arte.