Gautxorikoak eta Arkangoakoak, pintxo onenak

Guaixe 2008ko maiatzaren 28a

Epaimahaiak pintxoen kalitate handia goraipatu zuten. Aurten Martintxoneko Aitor Etxeberriak, Bordako Carlos Mañeruk eta Basamuturreko Iñaki Urrestarazuk osatu zuten epaimahaia, eta eurek erabaki zuten pintxo onenaren saria Gautxori tabernari ematea, hain zuzen ere Igor Mintegik prestatutako "Katealdeko deliziak, marrubi karamelizatutako gaztain kremarekin" pintxoari. Gautxorik bigarren urtez jaso du pintxo onenaren saria eta Mintegi pozik zegoen egindako lanak fruitua izan duelako. "Pozik nago, baina nahiago nuke nik prestatutako beste pintxoak - "isats izozkia, piper berde eta tipularekin"- saria lortu balu, nire apustu pertsonala baitzen".

Arkangoa tabernak pintxo bikote onenaren saria jaso zuen. Rafa Artetak prestatutako pintxoak Ontto beltza (ogi xerraren gainean onttoz betetako hojaldre tututxua eta foie freskoko txapela Otxoa moskalarekin, erreineta purearekin eta porrusaldarekin) eta gorringoa (perretxiko eta panadera brika, arraultz gorringo eskalfatua ur-berro saldaren gainean) ziren.

Rafa Artetak adierazi zigun "egindako lanaren aitorpena denok hartzen dugu gustura. Honek egunero pintxoa lantzen jarraitzeko bultzada ematen du". Aurreratu zuenez, "asteburuetan eskaera badago pitxo horiek, eta aurreko urteetakoak, atera eginen ditut". Aldi berean, "sukaldean laguntzaile ditudanak gogoan izan nahi ditut, bestela, bakarrik ezin izanen nuen egin".

Iritzia
Altsasuko Alde Zaharreko jai batzordearen ordezkari Borja Imazek eta Arkaitz Floresek plaka bana banatu zieten saritutakoei. Rafa Artetaren ordez Perpetua Cordeiro sukaldariak jaso zuen plaka. Igor Mintegi, aldiz, ekitaldian izan zen. Berak adierazi zuenez, halako lehiaketak antolatzea positiboa da eta pena merezi du halako lana hartzeak. "Pintxo landuagoak dira, baina hala ere 1,50 eurotan salgai jartzen ditugu. Akaso osagaietan baino pintxoak prestatzeko behar duzun denboran eta langile estren kontratazioan egiten duzu inbertsio gehiago, baina hala eta guztiz ere halako lehiaketak ongi daude giroa sortu eta jende gehiago ibiltzen delako" azaldu zuen Mintegik. Nolanahi ere antolatzaileek eta parte-hartzaileek antolakuntza hobetzearen beharra azpimarratu zuten.