Euriak bertan behera utzi zuen Altsasuko III. Irristaketa Trofeoa

Guaixe 2008ko ekainaren 2a

Altsasuko Irristaketa Klubaren zoritxarrerako, bete egin ziren larunbat arratsalderako eguraldi iragarpenak. Mini mailatik hasita senior mailara arteko Nafarroako irristalari onenak Nafarroako Txikien Ligarako, Nafarroako Handien Ligarako eta Nafarroako Kirol Jolasetarako baliagarria zen proban laster egiteko prest zeuden. Baina bizi-bizi ari zen euria eta Altsasuko Zumalakarregi plaza inguruko karrikak ez zeuden irristaketa lasterketa egiteko moduan. Beste aukerarik ez eta antolatzaileek bertan behera utzi behar zuten Altsasuko III. Irristaketa Trofeoa. Urteko egutegiak ez du lasterketa atzeratzeko aukerarik ematen, beraz, datorren urtera arte despeditu dute trofeoa.Altsasuko Irristaketa Taldeak aukera baliatu zuten patinometro edo irristaketa pista estalia eskatzeko. "Ez da normala 200 irristalari baino gehiago ditugun inguruan irristaketa probak egiteko zerura begira egon behar izatea. Are gehiago euria egitea horren normala den tokian". Antolatzaileek eskerrak eman zizkieten Altsasuko Udalari eta herritarrei.