Souvenir bat opari

Guaixe 2008ko ekainaren 6a

Poesiaren betiko ezaugarriak topatu arren, keinu bereziak ere egin ditu Castillok lan horretan. Poesian ohikoak ez diren paragrafo luzeak erabili ditu, esaterako postalen antza hartzen duten olerkiak direnak hein handi batean. Olerkiak idazten dituenean lagunei bidaltzea gustatzen zaio, eta bere laguna den Leire Bilbaok lan horiek horizontalean argitaratzea gomendatu zion. Poesia, hitzen jolasa bezala definitu du poeta altsasuarrak askotan, baina oraingoan haren olerkiek prosaren antza daukate. "Postalak ere souvenirrak dira". Honela definitu du poetak bere azken lana.Poema independenteakMina eta zauria ageri dira behin eta berriro Castilloren olerkietan, baina mina eta zauriak ere ederrak izan daitezkeela argudiatu du egileak. Haurtzaroko gaiak ere gogora ekarriko ditu lan osoan zehar eta aurreko lanekin alderatuz, ironia alde batera uzten saiatu bada ere, autokritika eta ironia kutsua ageria da poema askotan, "nire izaerarekin bat dator poesia"Gorka Urbizu, Harkaitz Cano, Ray Loriga eta Alejandra Pizerniken aipuak erabili ditu liburuko lau atalen hasieran. Lau pertsonaia ezberdin horien aipuak oso tragikoak eta oso indartsuak iruditu zitzaizkion eta horrek bere lanarekin kontraste handia egiten du. Dena dela, itxuran liburua lau ataletan bereizia egon arren, poemak guztiz independenteak dira. Edozein tokitatik hasita irakur daiteke liburu hori."Kaos batean bizi gara eta ni poesiaren bidez hori ordenatzen saiatzen naiz; nire burua ordenatzen."Gaurko jendaurreko aurkezpena berezia izango da Castillorentzat. Etxean, lagunen artean, beretako leku berezi batean.... "jendaurreko aurkezpena, egun horregatik bakarrik merezi du liburu bat idaztea".