Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Dantzaleku Sakana atletismo taldeak urteroko lana jarriko die bihar Zumalakarregi plazara hurbiltzen diren korrikalariei: milia bat, 1.609 metro, egitea. Hori izanen dute erronka helduek proba nagusian, 20:00etan. Sakanako korrikalariak ez ezik, maila horretako korrikalari finenak ere espero dituzte antolatzaileek, Raul Amatriain, Abdelfettah Louajari, Maitane Melero, Raquel Llamas edo Nerea Abrego, esaterako. Guztiek ere 4 buelta emanen dizkiote Zumalakarregi enparantzan eginen den ibilbideari.Aurretik, 18:30ean hasita, haur eta gaztetxoek berotuko dute giroa, aurrebenjaminetatik hasi eta kadete mailara arteko lasterketekin. Horren bidez ikasturtea despedituko dute Dantzaleku eskolako gaztetxoek.9. edizio honetan Dantzaleku Sakanak Kike Aldasorok urtetan egindako lana eskertu nahi izan du. Horretarako, taldeak ohi duenez, berari eskaini diote aurtengo lasterketa iragartzen duen kartela.Sariak Milia egiten azkarrenek ez dute nolanahiko saria jasoko, 240 euroko sari bana izanen dute gizon eta emakume arinenek; bigarren sailkatzen direnek 120 euroko saria jasoko dute; 3.ek 60 €-koa, 4.ek 30 €-koa eta 5.ek 30 €-koa. Gaztetxoen arteko irabazleek trofeoak irabaziko dituzte. Baina, garrantzitsuena parte hartzea izaki, guztien artean Razesa markako bizikleta zozketatuko da. Hori guztia gutxi ez, eta lasterketan izena ematen duten guztiek Ttipi-Ttapak emandako kamiseta jasoko dute.10. urtemuga buruan Dantzaleku Sakana taldeko lehendakari Mikel Goikoetxeak jakinarazi duenez, joan zen urtean taldekide batek Hodei Mazkiaranekin egindako desafioaren bidetik, aurten ere beste kirolari batekin desafioa egiteko nahia zuten, baina "Zumalakarregi plazaren inguruan jarri dituzten pasabide goratuengatik bertan behera utzi behar izan dute asmoa". Hala ere, aurreratu dute datorren urtean, miliaren 10. edizioa behar bezala ospatzeko, jarduera bereziren bat prestatuko dutela.