Paisaia bikainaz gozatzea helburu

Guaixe 2008ko ekainaren 6a

Burunda Txirrindularitza Taldeko Mendi Txirrindularitza Sailak guztia prest dauka igandean, ekainaren 8an, XIII. BTT edo Mendi Txirrindularitza Zeharkaldirako. Parte hartzaileak goizeko 9:00etan abiatuko dira Altsasuko plazatik, eta 48 km. osatuko dituzte, Olazti, Altsasu, Urdiain, Iturmendi eta Bakaikuko dermioetatik barna. 2006an 1.300 txirrindulari aritu ziren eta iaz, eguraldi txarrarekin, 947. Aurten iganderako eguraldi ona iragarri dute eta horrek parte hartzaileen kopurua handituko du. Momentuz 500 txirrindulari inguruk eman dute izena web orrian, baina igandean bertan irteeran izena eman daiteke. Nolanahi ere, antolakuntzak 1.400 pertsonendako azpiegitura prestatu du. Gehienak Euskal Herritik etorriko dira, Nafarroa, Gipuzkoa eta Arabatik bereziki, eta horretaz gain Logroño, Madril, Zaragoza, Kantabria, Burgos eta hainbat tokitatik gerturatutako txirrindulariak ere izango ditugu.Igandean Burunda Taldeko eta Amandrea elkarteko 100 pertsona baino gehiago ariko dira lanean, furgonetekin eta quadekin ibilbidean barna, hornidura guneetan, irteera eta helmugan, etab.Maila ertaineko proba ez lehiakorra Altsasuko BTT zeharkaldiak maila ertaineko zailtasuna dauka, eta proba ez lehiakorra da. Burunda Taldeko Pablo Colinak dioenez, helburua txirrindulaz eta ibilbideaz gozatzea da, kirola egiten duen edonork bizikleta hartu eta egun horretan ongi pasatzea. Horretarako primerako ibilbidea prestatu dute. Lasterketa Altsasuko plazatik abiatuko da, 9:00etan, eta Institutuetatik buelta bat eman ondoren atzera ere plazatik pasa eta Olaztirantz abiatuko dira, Zuntaipe, San Juango Errota eta Zapardaitik barna Orobera helduz. Sorozarreta atzean utzi eta gero, Etxegarateko autobiaren paraleloa den pistako bidea hartuko dute, Ulaiarrera heltzeko. Printzipioz Ponderosa igotzeko asmoa zegoen, baina lokatz asko egonen denez, ibilbidea aldatu eta pinuditik Dantzalekura iritsiko dira. San Pedron hornidura gune nagusietako bat egonen da. Gero, Urdiaingo igerilekuetatik barna Iturmendi eta Bakaikura helduko dira txirrindulariak, antzinako galtzadatik. Bakaikun buelta hartu eta Iturmendi eta Urdiainera itzuliko dira, pistetatik. Uroetxen likidoen hornidura gunea egonen da, eta mendi itxitik barna Dantzalekura ailegatuko dira, xendetatik. Baikolarretik Zelai kalera heldu eta helmugara iritsiko dira, plazara. Parte hartzaileak bi eta lau ordu arteko tartean helduko dira helmugara.Igandean eman daiteke izena Altsasuko BTT zeharkaldian parte hartzeko gomendagarria da parte hartzaileek 14 urte baino gehiago izatea. Txirrindulariek derrigorrezkoa izanen dute kaskoa erabiltzea.Aurretik izena emateko epea itxita dago, baina egunean bertan apuntatu daiteke, Altsasuko plazan, 7:45etik 9:00etara bitartean. Federatuek 17 euro ordaindu beharko dituzte eta federatu gabekoek 21 euro. Txirrindulariek hornidura zerbitzua izanen dute eskura, eta bukaeran oparitxoa jasoko dute. Aurretik izena eman duten parte hartzaileen artean bizikletarekin lotutako objektuak zozketatuko dira. Informazio gehiagorako www.clubciclistaburunda.com web orrira jo daiteke.