Ciclo Indoor eta Aerobic maratoia hartuko du Altsasuk

Guaixe 2008ko ekainaren 6a

Kurtso bukaera ospatzeko, Ciclo Indoor eta Aerobic maratoia antolatu dute larunbatean, ekainaren 7an, Altsasuko Burunda pilotalekuan. Hydragestion enpresa da Altsasun aipatu ikastaroen martxa daramana. Zehazki, aerobic ikastaroan 50 pertsona aritzen dira, eta ciclo indoor ikastaroan 80 pertsona.Maratoiak eta Migeltxo Saralegi Larunbateko maratoia Hydragestion taldeak antolatu du, Altsasuko Udalaren eta hainbat entitateen laguntzarekin. Egitaraua goizeko 10:00etan hasiko da, aerobic maratoiarekin. Aerobic monitoreen aginduei jarraiki, musikaren esanetara mugituko dira parte hartzaileak, koreografia ederrak osatuz. Bukatutakoan, eta ciclo indoor maratoia hasi baino lehen, Migeltxo Saralegi harri jasotzaileak erakustaldia eginen du. Ondoren, 12:30ean hasiko da ciclo indoor maratoia. Ciclo indoor kirolean bizikleta finko aerodinamikoak erabiltzen dira, eta musikaren laguntzarekin ariketa gogorra egiten da. Doinu lasaiago edo arinagoei jarraiki kirolariek esprintak, igoera gogorrak, bide lauak eta beste eginen dituzte. Egun modan dagoen kirola da.Maratoian parte hartzea doakoa da. Gainera, parte hartzaileek oroigarriak jasoko dituzte eta horretaz gain, opariak zozketatuko dira. Burunda pilotalekuan 60 bizikleta finko jarriko dituzte. Antolatzaileek sakandar guztiak animatu nahi dituzte bertan aritzera.