Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean, goizeko 9:00ak puntu puntuan, 890 txirrindulari abiatu ziren Altsasuko plazatik Burunda Mendi Txirrindularitza taldeko BTT sailak antolatutako XIII. mendi zeharkaldia egiteko prest. Gehienak Euskal Herritik, baina baita Zaragozatik, Madrildik, Kantabriatik eta beste tokietatik etorritako bikerrak zeuden. Antolakuntzak 1.400 txirrindularirendako hornidura prestatu zuen, baina nahiz eta iragarpenak eguraldi txukuna iragarri, fresko eta lurra bustirik esnatu zen Altsasu, eta euria gogor ari zuen Iruñean edo Araian, esaterako. "Une horretan morala lurpean nuen, baina guztia bukatuta oso kontentu gaude egindako lanarekin" dio BTT probako arduradun Pablo Lopez Colinak. Eguraldi ona eginez gero kopuru horretara helduko lirateke txirrindulariak, 2006an 1.312 izan baitziren.Paraje ederretan barna Nolanahi ere, ibilbide ez lehiakorra primerakoa izan zen, goizean ez baitzuen euririk egin eta bizikletan ibiltzeko ongi baitzegoen. 48 km-ko ibilbidea prestatu zuen antolakuntzak, Altsasu, Olazti, Urdiain, Iturmendi eta Bakaikun barna. Zailtasunari dagokionez, erdi mailakoa da. Txirrindulariak ibilbidearen zati gehienean barna paraje eder, zoragarri eta berdeetatik pasa ziren, ikusmenaren eta zentzu guztien gozamenerako. Hornidura guneetan indarrak berreskuratzeko denetatik zegoen: pastelak, bokatak, fruta, edariak... Lohia egon bazegoen, baina ez lohi itsaskor hori, eta antolakuntzak bide erdian bizikletak garbitzeko gailua jarri zuenez, bizikletak garbitu eta primeran egin ahal izan zen ibilbidea, oso giro onean. Txirrindulariek bi eta lau ordu arteko epean osatu zuten ibilbidea. Gainera, DYAtik azaldu zuten oso jende gutxi atenditu behar izan zutela, inoiz baino eroriko gutxiago izan zirela.Guztia primeran ateratzeko Amandrea elkarteko eta Burundako BTT saileko 100 pertsona baino gehiago aritu ziren lanean. Aurten, gainera, Nafarroako Gobernuko Ingurumen Departamentuko ordezkari bat azaldu zen probara, jarraipena egitera. "Nik neuk sinatu behar izan nion berak idatzitako txostena. Mutila harrituta zegoen antolakuntzarekin, guztia garbi-garbi utzi baikenuen. Txundituta zioen ez zirudiela minutu batzuk lehenago 900 pertsona bertatik pasa izana" dio Pablo Lopez Colinak, txirrindularien atzetik 15 pertsonako taldea pasatzen dela azalduz, seinaleztapen eta zabor guztiak garbitzen, eta 14:30erako guzti-guztia bildua zegoela gaineratuz.Antolakuntza zoriondu Antolakuntzarendako izan ziren txirrindularien loreak. "Denetatik zegoen jateko, ibildidea primeran seinaleztatua zegoen, bizikletak garbitzeko gailuak eta dutxak eskura... antolakuntza bikaina izan da, 0tik 10era 11!" zioen batek. Hain zuzen ere Burunda Klubeko www.clubciclistaburunda.com web guneko foroa halako aipamenez josia dago. Asko urtero Altsasuko zeharkaldian aritutakoak ziren, eta igandean estreinatu ziren beste askok itzultzeko promesa egin zuten. Gainera, ibilbidea despedituta opari sorta handia jaso zuen partehartzaile bakoitzak: kalitate handiko kamiseta, Galius Sport etxeko botea, Kaiku produktu bat eta Diario de Noticias egunkaria. Eta kirol materialeko 37 lote zozketatu ziren.Behin eguraldi kaxkarrak eragindako tristura pasatuta eta egunaren balorazioa eskatuta, pozik daude Burundakoak. "Guztia ongi atera da eta txirrindulari askok eskerrak eman dizkigu, antolakuntza onarengatik. Hori da egindako lanaren saria guretako. Eta pentsatzen duzu: badirudi gauzak ongi egiten direla!" dio Lopez Colinak. 1.400 pertsonendako hornidura zutenez, jaki eta edari asko sobratu zen. Jateko asko Altsasuko zaharretxera eraman zituzten, eta gainontzekoa ezagunen artean banatu. "Okerrena kamisetetan egindako gastua da, oso kamiseta onak baitira. Salgai jarriko ditugu eta bestela, iaz bezala, banatu egingo ditugu" gaineratu du Lopezek, ostiralean antolatzaileak eta laguntzaileek afaria eginen dutela gogoratuz.