Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteburuan Pistako Espainiako Irristaketa Txapelketa jokatu da Txantrean. Nafarroako selekzioarekin bi altsasuar aritu dira lehian, Altsasuko Irristaketa Klubeko Cristina Aldeano eta Raquel Paniagua. Juli Acebes entrenatzaile sakandarraren esanetan, biak Espainiako Txapelketetan aritzeko sailkatu izanak, jada, sari potoloa da.Aipatu txapelketan Galizia, Asturias, Madril, Valentzia, Aragoi, Nafarroa eta Euskadiko selekzioek hartu zuten parte. Aldeanok eta Paniaguak lan bikaina egin zuten. Paniagua gazte mailan lehiatu zen, lau probatan: erlojuz kontra, 3.000 puntuko lasterketa, 5.000 eliminaziokoa eta 1.500 serieak. Gazte maila oso gogorra da, eta lan ona egin zuen altsasuarrak. Baina maila horretan Aragoiko selekzioa izan zen jaun eta jabe. "Rakel oso ongi moldatu zen. Esaterako, erlojuz kontrakoan 32 irristalari aritu ziren eta bera 20.a izan zen. Maila ona erakutsi zuen eta pozik gaude" azaldu zuen Juli Acebesek.Haur mailan ez gazteetan adina, baina dagoen maila ere primerakoa da. Hor lehiatu zen Cristina Aldeano altsasuarra, eta ia-ia ezustean, zilarrezko domina ekarri du Altsasura. "Bezperako proban, 1.500ekoan, ongi aritu zen, baina ezin izan zen finalaurrekoetarako sailkatu. Hala ere, 29 irristalari parte hartzailetik 12-16ren artean sailkatu zen. Baina 500 serietan guztia atera zitzaion ongi. Finalaurrekoetarako sailkatu zen eta hori guretzat sari potoloa zen. Pentsa, Estatuko sei hoberenen artean egotea! Baina finalean lasterketa ederra egin zuen Cristinak. Ongi atera zen, bikain kokatu eta lasterketa polita egin zuen, bigarrena helduz" dio Acebesek. Ez omen zuten espero eta zilarrezko domina ekarri dute Sakanara. Acebesek gaineratu du oso kontentu daudela, eta beste klubetako irristalariak ere zoriontzera hurbildu zirela. "Irristaketan behar bezala aritzeko ditugun zailtasunen berri badutenez, domina hori merezi genuela esatera hurbildu zitzaigun pertsona asko. Asko zoriondu gintuzten" azpimarratzen du Julik, kontentu. Nafarroak, guztira, 16 domina eskuratu zituen Espainiako Txapelketa hauetan.