Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Antolaketa lan guztiaren ondoren, Itziar Nazabal Regueiro "oso kontentu" zegoen lehen edizioaren emaitzarekin. Esan digunez, "halako lehiaketak helduei zuzenduta izaten dira, baina haur eta gazteak ez nituen kanpoan utzi nahi. Ezta zaku berean sartu nahi. Horregatik zeuden hainbeste maila". Emaitzarekin pozik zegoen margolaria, ez zuelako hainbeste jende espero eta parte hartu zutenek "pintura egun batez gozatzeko aukera izan zutelako". Hainbat herri-gunean margotzen gelditu baziren ere, askok eta askok herritik kanpoko txokoak aukeratu zituzten haien inspirazio gisa: San Pedro, San Joan, Corazonistak... Itziar Nazabalek esan digunez "lotsagatik edo izanen zen. Baina pentsa dut heldu den urterako lotsa hori galdua izanen dutela". Itziarrek parte-hartzaile guztiak heldu den urtean parte hartzera gonbidatu ditu, eta bide batez lehiaketa posible egin duten pertsona eta erakunde guztiei eskerrak eman dizkie. SarituakEpaimahaia Koldo Arnanzek, Olatz Aldasorok eta Unai Hualde alkateak osatu zuten. Lanak izan zituzten sariak emateko, "maila handia zutelako lanek". Helduen mailako lehen saria (400 euro) Manuel Bermejo Iturgaizek jaso zuen. Bigarren saria (200 euro) Manolo Fernández del Vallerendako izan zen eta maila helduen mailako sarituen zerrenda María Inés Urra Pagolarekin itxi zen, berak 150 euroko saria eskuratu zuenHaurren mailan, 3 eta 6 urte bitartean, sarituak Sara Lorea Mazkiaran, Irati Begiristain eta Mario de Uralde Perez izan ziren. Gaztetxoen artean, 7 eta 11 urte tartean, Olaia Perez Merchan, Pablo Viedma Perez eta Ander Vinagre Diego osatu zuten sarituen podiuma. Azkenik, gazteen mailan, 11 eta 17 urte bitartean, Nagore Diaz Oiarbidek jaso zuen lehen saria, Alexa Chiturendako izan zen bigarrena eta, azkenik, Amaia Jorge Aristorenak eta Irune Mendietak 3. saria eskuratu zuten. Guztiek ere margotzeko zaletasunarekin segi dezaten pintura materiala jaso zuten sari gisa. Lehiaketara aurkeztutako lan guztiak garilaren batera arte Iortia kultur gunean ikusgai daude. Lan sarituak udalaren esku geldituko dira, gainontzekoen egileek garilaren 3an eta 4an jasotzeko aukera izanen dute.