Tolosak hartuko du bigarren jardunaldia, larunbatean

Guaixe 2008ko ekainaren 19a

Zaldibiko Almitza Sega Elkarteak antolatutako Almitzaren I. Sega Ligako bigarren jardunaldia hartuko du larunbatean Tolosak. Proba Tolosako Iurramendi zelaian jokatuko da, 17:30etik aurrera. Txapelketa sega librean jokatzen ari da, eta gizonezkoek 100 metro koadroko saila ebaki behar dute eta emakumezkoek 50 metro koadrokoa. Aipatu txapelketan 39 segalarik eman dute izena, eta guztira sei jardunaldi jokatuko dira. Zerainen jokatu zen lehen jarduna eta lehian dauden ordezkari sakandarrek - Ainhoa Mazkiaran altsasuarra, emakumezkoetan, eta Altsasun bizi den Bixente Mitxelena oiartzuarra, gizonezkoetan - lan bikaina egin zuten, Mazkiaran bigarrena izan baitzen, eta Mitxelena zortzigarrena. Ea bigarren jardunaldian nola moldatzen diren.