Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
NaBaik ohar baten bidez jakitera eman duenez, haiek eta PSNk landutako aurrekontu egitasmoa hilaren 12an aurkeztu zuten udalaren Ogasun Batzordean. Koalizioak dioenez, "batzordean udal talde guztien galdera eta komentarioak entzun ondoren, zenbait sailetan moldaketa eta egokitzeak egin ziren, hasierako egitasmoa aldatuz eta azken proiektua aurreko asteartean aurkeztuz". NaBaitik esan dute, haien asmoa zela aurrekontuak gaur eztabaidatzea, "12tik pleno egunera arte talde guztiek emendakinak aurkezteko aukera izan dutelako eta hala egin dutelako". Koalizioak aurreikusia zuen "zegokien batzordeetan eztabaidatu ondoren, bilkuran gobernu taldearen (NaBai-PSN) aurrekontu, plantilla eta igerileku estalien kudeaketa emateko pleguaren egitasmoak aztertzea". Azken bi puntuek "aurrekontuekin lotura dutenez guztia bilkura berean aztertu nahi genuen" argudiatzen du NaBaik. NaBaik azaldu duenez, "bai Ogasun Batzordean, bai Bozeramaileen Batzordean, PSNko ordezkariak oposizioko kideekin bat egin zuen aurrekontuen onarpena 10-15 egun atzeratzeko eskatuz". Gaia aztertu ondoren, alkatetzako taldeak eskaera bere egin du eta garila erdialdera ezohiko bilkura deituko du, orduan 3 gaiak aztertuko ditu udalbatzak.