Udalak informatika arloan hainbat berrikuntza eginen ditu

Guaixe 2008ko ekainaren 26a

Alkatetzatik jakinarazi denez 5 dira garatuko diren jarduerak. Lehenik, Udal Musika Eskolako Patronatuarendako informatika ekipoa erostea. Bigarrenik, igerileku estalien eraikinean hiritarren akreditazio txartelak erabiltzeko aukera izanen da eta txartel horiek etorkizunean udalaren gainontzeko zerbitzuetan erabiltzeko aukera izanen da. Lehenik kirol azpiegituretara zabalduko da sistema. Departamentuak igerileku estalietan sistema ezartzea eta langileen trebakuntza ordaindu ditu. Horietaz gain, Altsasuko Udalak zerbitzaria aldatuko du egungoa gainezka dagoelako. Berriak gaitasun handiagoa izanen du eta eraikin ezberdinetan sakabanatuak dituen zerbitzuak hobe hornitu ahalko ditu. Horrekin batera, udaletxeko telefono-gunea aldatzea nahi da. Horretarako udaletxeko telefono guztiak aldatuko dira eta haien bidez 012 zerbitzurako lotura izanen dute langileek. Altsasuarrei eskainitako arreta hobetu nahi da horrela, 012ren bidez arratsaldez ere zerbitzua eskainiz. Azken berrikuntza, Iortia kultur gunean wifi gunea sortzea izan da.