EAE-ANVrendako aurrekontu egitasmoa "eskuindarra" da eta "gaizki landua" dago

Guaixe 2008ko ekainaren 27a

Zinegotzi ekintzaileek esan zuten "tramitazioan nahaste-borraste ikaragarria ikusten" ari direla. EAE-ANVko zinegotziek azaldu zutenez, hasierako aurrekontu zirriborroan "hainbat gabezia ikusi" zituzten, "aurrekontuen bideragarritasuna zalantzan" jartzen zutenak. Horren aurrean ekintzaileek "akats eta errore larrien zerrenda" egin zuten. Horregatik aurrekontuen inguruko eztabaida atzeratzea proposatu zuten, "erroreak konpontzeko". Ekintzaileek diotenez, "azkenean errealitateak bultzatuta alkatetzak arrazoia eman digu, gogo txarrez, eta osoko bilkura garilean eginen da". Arantzak, Raulek eta Juanjok esan zuten, "ardura politikoz" jokatu zutela, "isildu eta plenoan barregarri utzi genitzakelako". HausnarketakEAE-ANVko zinegotziendako "modelo eskuindar baten aldeko aurrekontuak dira" aurkeztutakoak. Hori argudiatzeko ekintzaileek adibide gisa jarri zuten kirol instalazioen eta garbiketa zerbitzuaren pribatizazioa. Ezker abertzaleko ordezkariak kirol azpiegiturak enpresa publiko baten bidez kudeatzearen alde agertu ziren. Aldi berean, "sektore publikoaren defentsan" azaldu ziren. Zinegotzi independentistek ere "eskuindartzat" jo zuten "arlo ezberdinetako batzordeek zein teknikariek haien ekarpenak ezin izan dituztela bideratu". Horretaz gain, plantilla organikoan E mailako kontratazioak egin beharrean D mailakoak egitearen alde azaldu ziren. Bestalde, gazteria, kultura eta kirol arloetan eman den "murrizketarekin" ez ziren ados agertu eta "gutxienez iazko diru sailak" eskatu zituzten arlo horietarako. Ekintzaileek salatu zutenez, "aurreikuspen ezak udal lurzoruaren salmentara jotzera behartzen ditu" eta "ondorioz giza politikak eta arlo estrategikoetan hartu beharreko erabakien gaitasuna murrizten dira". EAE-ANVko zinegotziak kexu azaldu ziren udalak "aurrekontuak egokitzeko miloi anitzeko mailegua eskatu" nahi duelako eta horrek jarduera "baldintzatuko" duelako. Aurrekontuak "irrealtzat" jo zituzten "gutxieneko partidak" daudelako eta "aldaketa ugari egin beharko direlako". Aldi berean, udalari egotzi zioten inbertsioak ez "planifikatzea ezta mailakatzea ere lehentasunen eta posibilitateen arabera". Lau urteko plana "zalantzan" dagoela esan zuten. Zinegotzi independentistek esan zuten aurrekontuari "alegazioak eta zuzenketak" aurkeztuko dizkiotela "identifikatu dituzten urritasunak ebazteko" eta "aurrekontuak hobetzeko".