Igandean, uztailaren 13an, Almitza Sega Elkarteak antolatutako Almitzaren I. Sega Ligako laugarren jardunaldia hartuko du Asteasuk. Txapelketan lehiatzen ari diren segalariak 17:30ean hasiko dira lanean. Almitzaren I. Sega Ligako lan erdiak eginak daudenean Gazteluko Gabirondo anai arrebak dira jaun eta jabe. Hirugarren jardunaldia ekainaren 28an jokatu zen Igorren, eta bi anai arrebak izan ziren azkarrenak. Emakumezkoek 50 metro koadroko saila ebaki behar izan zuten. Zazpi aritu ziren lehian. Atzera ere Marialuixa Gabirondok erakustaldia eman eta azkarrena izan zen. 2 minutu, 31 segundo eta 13 ehunenekotan bukatu zuen lana. Bigarrena Arrate Garin izan zen (02:35,43), eta hirugarrena Ainhoa Mazkiaran altsasuarra (02:40:62). Orain arte jokatutako hiru jardunaldietan egindako lana aintzat hartuz, Marialuixa Gabirondo gazteluarra da liderra, 30 punturekin. Ainhoa Mazkiaranek bigarren postua galdu du Arrate Garinen mesedetan (26 puntu) eta hirugarrena da, 25 punturekin. Gizonezkoetan Altsasun bizi den Bixente Mitxelena oiartzuarra lehiatu zen. Kasu honetan 100 metro koadroko saila ebaki behar zuten gizonek, eta Igorren 22 segalari aritu ziren lehian. Joxe Gabirondo izan zen lehena (02:58,78). Bixente Mitxelena bikain aritu zen, seigarren sailkatuz (03:36,36). Sailkapen orokorrean Joxe Gabirondo da lehena, 86 punturekin. Gaztelukoak hiru puntu ateratzen dizkio Juan Joxe Lizasori. Igorren egindako lan ederrari esker Bixente Mitxelenak gora egin du sailkapen orokorrean eta seigarrena da, 65 punturekin. Igandean laugarren jardunaldia erabakiko da Asteasun. Ea sakandarrek lan ona egin eta sailkapenean gora egiteko aukera duten.