Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Herriko otoitz aldia pasatuta, domekan, Erkudengo Amak bere ermitarako bidea hartuko du. Bidea altsasuarrak lagun dituela eginen du. 9:30ean abiatuko da elizatik segizioa. San Pedroko bidea hartu eta ikastetxeak atzean utzi ondoren ermitarako bidea hartuko dute. Hara iritsi eta 11:00etan meza izanen da. Elizkizunaren ondoren, ohi bezala, sainduaren omenezko kanta abestuko dute bildutako guztiek. Ermitara biltzen direnendako udalak ardoa eta hura banatuko du. Gazta dastatzeko aukera izanen da. Baina bakoitzak eramandako gosariak izanen dira nagusi. Tripako zuloa berdindu eta gero, txistulariek dantzarako doinuak jarriko dituzte. Ermita ondoko plazan jota, porrusalda eta zortzikoak dantzatuko duenik ez da faltako. Kantatzeko gogoz ere izaten dira bat baino gehiago eta hala eginen dute. Bazkaltzera bakarren batzuk ermitan geldituko dira, eguraldiak laguntzen badu, behintzat.