Ane Martinez Espainiako Igeriketa Txapelketan

Guaixe 2008ko uztailaren 16a

Ekainean Eskolen arteko Euskal Herriko txapelketan emandako maila onaren ondoren, Nafarroako selekzioak Gazteen Espainiako Igeriketa Txapelketan lehiatzeko hautatu zuen Ane Martinez Mazkiaran altsasuarra. Joan zen astean, uztailaren 8tik 10era lehiatu ziren 11 urteko gazteak Meridan. 5 mutilek eta 6 neskek ordezkatu dute Nafarroa Espainiako Txapelketan. Ekainaren 18tik aurrera, goiz eta arratsaldez, Iruñeko Amaia kiroldegian elkartu dira 11 gazteak Alvaro Gonzalez eta Larraitz Oses entrenatzailearen aginduetara txapelketa prestatzeko. Nafarroako igeriketa talde ezberdinetako kideak ziren 11 gazteak eta entrenamenduei esker elkar ezagutu eta taldea egiteko aukera izan zuten. Espainiako Txapelketan estilo librean lehiatu zen altsasuarra, 4 x 100 metrotan eta estilokako 4 x 200 metrotan. Lan ona egin du Itxesia taldeko igerilariak. 52. denborarik onenarekin joan zen txapelketara eta 41. denbora onena egin zuen han (1:10:65). Esperientzia berria izan da Itxesia igeriketa taldeko Ane Martinezendako, maila honetako txapelketa batean parte hartzen zuen lehen aldia baitzen. "Zenbait herkidegotako igerilarien maila izugarria zen, Katalunia edo Madrilekoena esaterako" jakinarazi digu. "Giro ona izan dugu Nafarroako selekzioko kideen artean. Esperientzia polita izan da" adierazi du. Baliteke lagun horiekin entrenatzen duen azken aldia ez izatea, Nafarroako Federazioa talde honekin urte osoan zehar entrenatzea aztertzen ari baita. Era berean, Itxesia eskolarekin entrenatzen jarraituko du 11 urteko altsasuarrak. Altsasuko kiroldegiaren irekierak talde indartuko duela espero dute.