Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Igandean jokatu zen, Asteasun, Zaldibiko Almitza Sega Elkarteak antolatutako Almitzaren I. Sega Ligako laugarren jardunaldia. Emakumezkoetan 8 segalari aritu ziren lanean eta ez zen sorpresarik egon: Gazteluko Marialuixa Gabirondok laugarren garaipena lortu zuen, 50 metro koadroko saila 02:33,23 denboran ebakita. Bigarrena Arrate Garin izan zen, eta sei segundo gehiago behar izan zituen (02:39,21). Ainhoa Mazkiaran altsasuarra hirugarrena sailkatu zen, baina hiru minutu pasa behar izan zituen lana despeditzeko (03:14,06). Sailkapen orokorrean ez dago mugimendurik eta Gabirondo da lehena, txapela janzteko faboritoa, 59 punturekin. Garinek 54 puntu dauzka eta Mazkiaranek 52. Gizonezkoetan, aldiz, sorpresa izan zen. Sailkapen orokorrean lehena den Joxe Gabirondo Asteasuko laugarren jardunaldian ez zen batere fin ibili eta bosgarren tokian despeditu zituen lanak. 100 metro koadroko saila ebakitzen lehena Igor Esnaola izan zen. Aipatzekoa da Altsasun bizi den Bixente Mitxelena ez zela aritu. Hala ere, Joxe Gabirondok sailkapen orokorreko lidergoari eusten dio, 111 punturekin. Asteasun ez puntuatzeagatik zortzigarren tokitik hamaikagarren postura jaitsi da Mitxelena, 65 punturekin. Almitzaren I. Sega Liga despeditzeko bi jardunaldi falta dira. Uztailaren 27an Bizkaiko Arteako proba jokatuko da, eta abuztuaren 2an, Oiartzungo proba.