Marcillako banda gaztea bihar Altsasun

Guaixe 2008ko uztailaren 18a

18 urteko ibilbidea du Marcillako banda gazteak, eta Haize Berriak bandatik jakitera eman dutenez "ibilbide kultural eta hezitzaile disdiratsua" jarraitu dute. 1987. urtean eman zituen lehen urratsak egungo bandak. Orduan, lagun talde bat eta musika eskolako kideak biltzen hasi ziren. 15 musikari hasi ziren eta gaur egun, bandak 56 parte-hartzaile ditu. Ibilbidea1995. urtean kultur erakunde gisa eratu zen banda eta horrek etorkizuneko erronkei "erosoago aurre egiteko ahalmena eman zion Marcillako bandari". Bere ibilbidean banda gazteak 100 emanaldi baino gehiago eskaini ditu, bai Nafarroan, baita atzerrian ere. Bestalde, Marcillako banda gazteak hirutan utzi du bere jardunaren arrastoa grabatuta: 1995ean, kasete batean; 1998. urtean, Marcillako abesbatzarekin batera grabatutako CDan eta 2002an, bandaren 15. urtearen harira argitaratutako CDan. Bihar arratsaldean Altsasun izanen den bandaren mailaren adierazle gisa, Marcillako banda gazteak berriki Condoneko (Frantzia) Nazioarteko Banden lehiaketan musika-kalitatearen lehen saria lortu du.