Udalak baso-antolamendu planaren berrikuspena eskatu du

Guaixe 2008ko uztailaren 21a

Orduan egindako planean egurraren ustiapena izan zen planaren ardatz nagusia, baina udalaren iritziz "kontserbazio,bestelako aprobetxamendu edo olgeta-erabilera arlotan gabezia handiak" zituen. Altsasuko Udalaren ustez egurraren sektorearen "krisiak egurraren ustiapenaren errentagarritasuna zalantzan" jarri du eta baso-aprobetxamenduak ateratzeko "teknika modernoagoen alde" agertu da. Baso-antolamendu planaren berrikuspenerako argudioen artean Altsasuko Udalak dio "ingurumenarekiko gizartearen sentsibilitatea gero eta handiagoa" dela. Bestalde, Sakanako basoak Aralar eta Urbasa-Andia natur parkeen lotune izan litezkeela aurreratu du udalak. LehentasunakLanda Garapen eta Ingurumen Departamendura bidalitako eskaeran Altsasuko Udalak plana berrikusterakoan teknikariek kontuan izan beharko lituzketen 9 lehentasun zehaztu ditu. Aurrena basogintza, abeltzaintza, mikologia, aisialdi, turismo eta kontserbazio aprobetxamenduen bateragarritasun orekatua kontuan izatea eskatu du udalak. Turismorako aukerak aztertzea garrantzitsua litzatekeela jasotzen da eskaeran. Inguruaren zainketa ere lehentasunezkotzat jo du udalak, eta horren barruan, bertako hariztiaren errekuperaziorako plana egitea proposatu du. Udalak zehaztu dituen lehentasunen artean dago ere inguruko fauna eta landaretza sakon ezagutzeko ikerketak egitea eta haien bidez sentsibilizazio kanpainak egitea. Altsasuko Udalak basoaren gune ezberdinak zehaztea ere proposatu du. Horren helburua litzateke basoak "eskaintzen dituen aukerak eta funtzioak optimizatzea". Udalak bere eskaeran jaso du ere basoan aritzen diren hainbat sektoretako erabiltzaile eta profesionalendako "prestaketa eta birziklatzea" lehentasunezkoa dela. Aldi berean, bide eta dermioen seinaleztapena proposatzen da, "aprobetxamendu hobea" baterako. Basoko pista eta bideen erabileraren arautzea plangintzan jasotzea ere eskatu du udalak. Eta, horrekin batera, mehatxupean dauden landare eta animalia espezieei bultzada emateko planak jasotzea. ProzeduraUrte baten buruan despeditua beharko luke berrikuspenak. Departamenduko teknikariek aurreneko proposamen bat aurkeztuko diote Altsasuko Udalari. Hura aztertu eta osatzeko lan talde zabala eratzeko asmoa du udalak. Altsasutik jasotako proposamenekin eta teknikarien berrikuspenaren ondoren, onartu eta indarrean jarriko litzateke.