Bi jardunaldiren faltan, Mazkiaran hirugarrena

Guaixe 2008ko uztailaren 24a

Liga estilo librean jokatzen ari da. Emakumezkoek 50 metro koadroko saila moztu behar dute, eta, gizonezkoek, aldiz, 100 metrokoa. Lanak azkarren egiten dituenak jasotzen du puntu gehien. Emakumezkoetan Gazteluko Marialuixa Gabirondo da txapela janzteko faborito handia. Orain arte ez du huts egin eta jokatutako lau jardunaldietan bera izan da garaile, gainontzekoei alde handia hartuta. Sailkapen orokorrean 59 puntu dauzka. Bigarrena Arrate Garin da, 54 punturekin, eta hirugarrena Ainhoa Mazkiaran altsasuarra, 52 punturekin. Gizonezkoetan lehia estuagoa da, baina momentuz Marialuixaren anaia Joxe Gabirondo da lehena sailkapen orokorrean, 111 punturekin. Altsasun bizi den Bixente Mitxelena oiartzuarra ez zen azkeneko jardunaldian lehiatu eta horregatik sailkapenean behera egin zuen. Egun 11.a da, 65 punturekin. Almitzaren I. Sega Liga abuztuaren 2an erabakiko da, 17:00etan, orduan jokatuko baita seigarren eta azken jardunaldia Oiartzunen. Ea Sakanako ordezkariek lan ona egiten duten.