Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
EgitarauaKale ikuskizunak 18:00etan hasiko dira, Iortia kultur gune aurreko plazan. Perfusion konpainia nafarrak zirko-jaialdirako propio prestatutako ikuskizuna emanen du. 4 urteko ibilbidea duen taldeak eskarmentu zabala pilatu du. Ikuskizun ezberdinak egiteko gogoz jarraitzen dute. Zirko zapore nafarraren ondoren, hantxe bertan, Malabreikers taldearen txanda izanen da. Betok eta Tornillok malabarismoa, akrobazia eta humorea nahasten dituzte haien ikuskizunean, guztia retro-break zaporearekin. Bereziki gazteak aseko dituen kale-komedia ederra ikusteko aukera izanen da 18:30etik aurrera. Haien ondoren Perfusion konpainiarekin zirko emanaldi berria izanen da zirkoko pistan bihurtutako Iortia kultur guneko aurreko plazan. Ikuskizunak ez du etenik izanen Iortia kultur gunearen aurreko aldean. 19:50ean, Belgikatik etorritako Hopla Circus konpainiak La familia Rodriguezen berri emanen du. Urteen ondoen anai-arrebak bildu eta akrobazian egin dituzten aurrerapenak elkarri erakusten hasiko dira. Horretarako baskulak, autoak, magia eta bestelakoak erabiliko dituzte. Barre algarak ziurtatuak omen daude zirkoko artista horiekin.Ezin zailagoa zirko-jaialdiak gauean segida izanen du, 23:00etan. Zumalakarregi plaza Omnia palace bihurtuko du Frantziako Le Nadir konpainiak. Omnia Palacera larunbatero joaten zen emakume langile baten oroitzapenetik sortuko dira akrobatak, Muskulu jauna, 3 hanketako kontorsionista, kainoi-emakumea eta beste. Guztia ere kabaret akrobatiko eta burleskoan. Argazki lehiaketaZirko-jaialdiarekin batera, aurten estreinakoz, argazki-lehiaketa antolatu dute. Sariketara aurkeztutako lanak originalak eta saritu gabeak izan beharko dute. Argazkiak irailaren 30aren aurretik aurkeztu beharko dira Uharte Iruñeko kultur etxean. Sariei dagokienez, jaialdiko argazki onenaren egileak 500 euro jasoko ditu. Horrekin batera, herri bakoitzeko argazki onenaren sariarendako 200 euroko saria izanen da. AntolakuntzaEzin zailagoa zirko-jaialdia Uharte Iruña, Viana, Azagra, Tutera eta Altsasuko udalek antolatu dute. Aurreko urteetan bezala zirkoa populaziori hurbildu nahi diote eta uda garaiko kultur eskaintza zabaldu. Jaialdiak 74.150 euroko aurrekontua du. Dirutza horren %38 gobernuak estaltzen du.