Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Raul Barrena eta Juanjo Goikoetxea zinegotzi ekintzaileek ostegunean prentsaurrekoan azaldu zutenez, "festak herrikoiak izan behar dutela uste dugu, txupinazotik hasita". Horregatik, "parte hartze ikuspegitik" EAE-ANVk txupinazoa "delegatzea" erabaki dutela adierazi zuten. Herria behatu ondoren euskalgintzako taldeei aukera ematea erabaki zutela argitu dute. Azalpen horiek eman ondoren 2 zinegotziak mahaitik altxa eta euskalgintzako erakundeetako ordezkariak hartu zuten haien lekua. AEKko (Patxi Flores Lazkoz), Bierrik Elkarteko (Amaia Amilibia Salgado), Kima Euskara Taldeko (Oskar Rodriguez Iglesias) eta Euskal Herrian Euskarazko (Haizea Ramirez de Alda Pozueta) ordezkariak zinegotziek utzitako tokia hartu eta adierazpen bateratua zabaldu zuten. Euskaltzaleen adeirazpenaPozez hartu dugu ANV-EAE udal taldeak Altsasuko euskalgintzan aritzen garen taldeei —alegia Euskal Herrian Euskaraz, Bierrik, AEK eta Kimari— aurtengo txupinazoa botatzeko eman diguten aukera. Pozgarria bada ere edonorentzat ohore hori izatea, guretako poza bikoitza da, alde batetik, nolabait aitortu egiten zaigulako urtetan egindako lana —isila batzuetan eta agerikoa besteetan—; eta, bestalde, euskarari lehentasunezko tokia emanen zaiolako festetan, horiek irekitzeko ohorea izanen baitugu.Aukera paregabe hau baliatu nahi dugu aldarrikatzeko euskara noranahikoa behar duela izan, eta euskarak bere tokia behar duela festetan ere. Festaz euskaraz gozatzea, festaz gehiago gozatzea da. Beraz, utz ditzagun alde batera alferkeria, lotsa eta ohiturak, eta lehertu arte goza dezagun festa hauetaz euskaraz. Izan ere, gure hizkuntza keinu txiki askori esker bizi da eta biziko da. Euskaraz bai!Gu, txupinazoaren une horretan, euskararen alde lanean ari diren askoren ordezkariak izango gara: Bai Euskarari Ziurtagiria dutenak, mintzakide proiektuko bidelagun eta bidelagunak, euskara elkarteetako bazkideak, euskaltegiko ikasle eta irakasleak... eta oro har euskararen aldeko hautua egiten duten guztiak. Horiek bereziki izanen ditugu burutan txupinazoa botatzerakoan. Horiek baitira indarra eta adorea ematen digutenak.