Jose Vilariño, Portland San Antonioko osteopata

Guaixe 2008ko irailaren 3a

Jose Manuel Vilariño osteopata eta fisioterapeuta altsasuarrak bere ibilbidean beste pauso bat eman du eta abuztutik aurrera Asobal Ligan dabilen Portland San Antonio eskubaloi talde iruindarraren osteopata da. Mediku zerbitzuei dagokienez, San Antonio taldeko jokalariek mediku bat, eguneroko entrenamenduak jarraitzeko fisioterapeuta bat eta osteopata bat, Vilariño, izanen dituzte irailaren 13an hasiko den ligari aurre egiteko. Kirolariengandik gertuKirolean ibilbide zabala du altsasuarrak. Osasuna taldeko masajista eta osteopata izan zen urte luzez, eta 2006ko Alemaniako Futbol Mundialean Serbia eta Montenegroko Futbol Selekzioko masajista eta osteopata izan zen, orduan Osasunan zebilen Milosevic jokalariak proposatuta. Egun ez da Osasunako osteopata, kontsulta pribatua du Barañainen, Axis izenekoa, eta bertara kirolari asko joaten dira, tartean futbolariak - Osasunako zenbait, Raul Garcia, Cuellar, Milosevic...- eta baita Portland San Antonio Eskubaloi Taldeko asko. Hain zuzen ere talde horretako Nikolic jokalariak Serbiako Eskubaloi Taldeko osteopata eta masajista izatea proposatu zuten, eta altsasuarrak onartu, 2009ko ilbeltzean Kroazian jokatuko diren Eskubaloi Mundialetarako sailkatzeko Serbiak eta Txekiar Errepublikak ekainean jokatutako partidetan. Serbiak sailkatzea lortu zuen eta Mundialetan jokatuko du; orduan ere Vilariño Serbiako selekzioko osteopata izanen da. Vilariño kontentu dago Portland San Antoniok bere kontratatu izanarekin. "Taldeak fisioterapeuta bat dauka entrenamenduetan egon eta eguneroko lana egiteko, eta nik Axis nire kontsultatik lan egingo dut arazo serioagoak dituzten jokalariekin, lesioak eta beste. Astean barna 10-12 ordu Portlandeko jokalariei eskainiko dizkiet, eta gainontzeko orduetan nire kontsulta pribatuko bezeroak artatuko ditut. Portlandek Champions txapelketa jokatuko dut,  partida horietara joanen naiz, eta ligako partida batzuetan ere izango naiz , beharra ikusten bada edo hala nahi badut. Partiden jarraipena taldeko zerbitzu medikuen artean erabakiko dugu" dio osteopata altsasuarrak. Portlango jokalari asko lehendik bere bezero pribatuak ziren, eta besteak beste haien gomendioei esker lortu du Portlanden kontratua. Lan borobilagoaNahiz eta eskubaloi jokalariekin gehiago lan egin, oraindik ere futbolariekin jarraitzen du. "Osasunakoa oso etapa polita izan zen, eta orain gehiago murgildu naiz eskubaloian; beste etapa bat da. Gorputz atalari dagokionez, lehen hankak lantzen nituen gehiago eta orain bizkarra eta besoak. Beraz, nire lana osoagoa da, borobilagoa, ikasten ari naiz. Nolanahi ere, oraindik ere futbolariekin lanean jarraitzen dut, guztia da osagarria" dio, Portland San Antonion oso jende ona eta primerako giroa dagoela azpimarratuz. Egutegi oso potoloa dauka altsasuarrak: Portlandeko lana, bere kontsulta pribatua eta Serbiako selekzioko osteopata lanak, eta guztiak uztartuko ditu.