Otadiko Kristo Deuna pilota txapelketako finalerako azken txartelak jokoan

Guaixe 2008ko irailaren 5a

Abuztuaren erdialdean abiatu zen Altsasuko Otadiko Kristo Deuna pilota txapelketako 39. edizioa, eskuz banaka eta binaka. Txapelketari bizitasun gehiago emateko asmoz Sociedad Deportiva Alsasuak lehiak eta sistema aldatu du, kanporaketa sistema alboratuz, eta horrela, hiruna parte-hartzaile dituen bina multzo izan dira lehian. Multzo bakoitzean kanporaketa bat jokatu da, eta irabazleak talde buruaren kontra lehiatzekoak ziren finalerdietan. Irabazleak irailaren 13ko finalerako txartela poltsikoratuko du.  Lehen finalaurrekoak eman zuenaDagoeneko jokatu dira multzo bakoitzeko kanporaketak. Larunbatean txapelketako lehen finalerdia hartu zuen Altsasuko Burunda pilotalekuak. Jaialdia zabaltzeko haurren mailako anaiarteko partida jokatu zen, eta Arnanz eta Ramirezek 18-15 irabazi zieten Unamuno eta Ansari. Eskuz banakako lehen finalerdia oso gogorra izan zen. Azkenean Sociedad Deportiva Alsasuako Iturriotzek irabazi zuen, Otxotorenaren aurrean 18-11 gailenduz. Partida oso borrokatua izan zen, bi pilotariek zuten guztia eman baitzuten. Iturriotzek finalerako txartela lortu du, eta bere aurkaria Galarza eta Linzoainenarteko norgehiagokan irabazle suertatzen dena izango da.Aurreko partidan bezala, zaletuek bikain pasatu zuten eskuz binakako lehen finalerdian, partida borobila izan baitzen. Erritmo biziko lehian, Urtasun eta Gurrutxagak 22-16 irabazi zieten Lazkoz eta Landiribarri. Sociedad Deportiva Alsasuako Gurrutxaga bikain aritu zen atzeko koadroan, eta Urtasunek zituen aukerak gogoz aprobetxatu zituen, tartean sakez 6 tanto lortuz. Aurkariak ongi aritu ziren baina bukaeran zertxobait behera egin zuten. Urtasun eta Gurrutxagaren aurkariak Onsalo-Cerro eta Moran-Okiñenafinalerdiko garaileak izanen dira. Larunbatean, Burundan, 22:30eanLarunbatean, irailaren 6an, bigarren finalerdia hartuko du Altsasuko Burunda pilotalekuak, 22:30etik aurrera. Lehenik eta behin haurren mailako anaitasunezko partida jokatuko da. Otadiko Kristo Deuna txapelketako finalerako txartela lortzeko asmoz, A. Galarza eta Linzoain eskuz banaka lehiatuko dira, eta Onsalo-Cerrok Moran-Okiñena izanen dituzte aurkari eskuz binaka. Ildo honetan, aipatzekoa da David Cerro altsasuarrak aldi baterako pilota utzi eta gero itzulera bikaina izan duela, aipatu txapelketako finalerdirako sailkatzea lortu baitu.