Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sociedad Deportiva Alsasua klubak antolatutako Otadiko Kristo Deuna 39. Pilota Txapelketako finalistak zeintzuk diren badakigu, larunbatean bigarren finalerdiak jokatu baitziren. Gogoratu abuztuaren erdialdean hasi zela txapelketa, eskuz banaka eta binaka jokatu dena. Aurten, nobedade moduan, lehiaketa sistema aldatu zen, eta kanporaketa sistema alde batera utzita hiruna parte-hartzaile zituen bina multzo aritu ziren lehian. Multzo bakoitzeko irabazleak talde buruaren kontra lehiatu ziren finalerdietan. Finalerdietan, erakustaldi bikainaBada, larunbatean zaletuak poliki bildu ziren Altsasuko Burunda pilotalekuan jokoan zegoen bigarren finalerdiarekin gozatzera. Lehenik eta behin benjamin mailako pilotarien anaiarteko partida jokatu zen, eta Dendariarenak eta Urritzolari 13-18 irabazi zieten Gabirondo eta Palaciosek. 23 urtez azpiko eskuz banakakoan, Irurtzungo A. Galarza eta Uharte Iruñeko Linzoain lehiatu ziren. Linzoain aurreratu zen markagailuan, 1-8, baina Irurtzungoak ez zuen etsi eta erasoan bizkor eta defentsan sendo arituz tantoak egiten aztatu zuen, Linzoainek behera egin eta akatsak egiten zituen bitartean. 18-10 irabazi zuen Galarzak. Eskuz binaka, seniorretan, Baez II.ak eta Lopetegi lakuntzarrek min hartuta dauden Moran eta Okiñena ordezkatu zituzten. Ongi aritu ziren, 22-9 hartu baitzituzten menpean Onsalo eta Cerro altsasuarra. Zaleek gozatu ederra hartu zuten, partida bikaina izan baitzen. Lopetegi lakuntzarra izan zen onena, atzeko koadroetan apenas ez baitzuen pilotarik galdu. Egoera hori baliatu zuen bere kide Baez II.a gipuzkoarrak, jokaldiak primeran errematatuz. Arerioak ez ziren oso fin ibili. Onsalo aurrelariak espero baino akats gehiago egin zituen eta nahiz eta Cerro altsasuarra nahiko ongi aritu, azken zatian behera egin zuen, akatsen bat eta beste eginez. Azkenean, 22-9 irabazi zuten Baez II.ak eta Lopetegik. Zaleak gustura geratu ziren pilotari gazteek emandako ikuskizunarekin.