Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Xakeak zaletu ugari ditu gurean eta horren adibide dugu Altsasun berriki sortu den Laukia Xake Taldea. Besteak beste Ismael Antonek, Aitziber de Migelek, Aitor Arregik, Axel Grubek eta Adelino Moreirak osatzen dute talde berria. Sakanan dagoen bigarren xake taldea izanen da hau, aspalditik Sakanako Zaldi Beltza Xake Taldea martxan baitago. Bada, Altsasuko Laukia Xake Taldeak, Altsasuko Udalaren laguntzarekin, Xake Trofeoa 7 Partidatara txapelketa antolatu zuen igandean, Gure Etxean. 16 xakelari animatu ziren parte hartzera, gehienak sakandarrak baina baita iruindarrak eta Nafarroako beste txokotakoak ere. Izenak dioen bezala, xakelari bakoitzak zazpi partida jokatu behar zituen, eta goizez eta arratsaldez aritu ziren xakean jo eta ke. Indarrak berreskuratzeko eguerdian etenaldia egin eta Lagun Onak elkartean bazkaltzera bildu ziren guztiak. Egun Nafarroako xake txapelduna den Iñaki Rebolek irabazi zuen Xake Trofeoa 7 Partidatara, jokatutako zazpi partidak irabazi zituen bakarra izan baitzen. Bigarrenak, Javier Sevillak, bost partida irabazi zituen eta 5 puntu lortu. Sakandar onena Zaldi Beltzako Manex Insausti gazte arbizuarra izan zen, bosgarren postuan sailkatuta, lau partida irabazi eta gero. Sakandarren sailkapena1. Iñaki Rebole, 7 puntu5. Manex Insausti, 4 puntu (Zaldi Beltza)6. Juan Andres Cerro, 4 puntu (Zaldi Beltza)7. Sebastian Intsausti, 4 puntu (Zaldi Beltza)10. Koldo Flores, 3 puntu (Zaldi Beltza)12. Ismael Anton, 3 puntu (Laukia)13. Aitziber de Migel, 2,5 puntu (Laukia)14. Aitor Arregi, 2 puntu (Laukia)15. Axel Grube, puntu bat (Laukia)16. Adelino Moreira, puntu bat (Laukia)