Goi mailako erremontea atzera ere Altsasun

Guaixe 2008ko irailaren 12a

Abian da Nafarroako III. Erremonte Torneoa-Muebles Polque Sari Nagusia. Erremontea Nafarroako herrietara hurbiltzeko asmoz, frontoi motzetan jokatzen ari da lehia, eta hain zuzen ere Nafarroako 13 herrietara ailegatuko da txapelketa, tartean Altsasura. Altsasun erremontearekiko zaletasun handia dago eta erremontista handiak izan dira  egun Remonteberri enpresako intendente den Kike Elizalde eta haren sendikoak, Elizaldetarrak, Plazabona, Urteaga, edo egun erremonte profesionalean aritzen den Xabi Gorriz, esaterako- eta zaleek oso gustura hartuko dute goi mailako erremontistak Altsasun bertan lehian ikusteko aukera. 16 erremontista onenak lehianAipatu txapelketa Remonteberri enpresak eta Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolatu dute, Nafarroako Pilota Federazioaren eta hainbat erakunderen laguntzarekin. Egungo 16 erremontista onenak ariko dira lanean, 8 bikote osatuz, eta zuzenean final laurdenetan lehiatuko dira guztiak, kanporaketa zuzenetako sisteman, bi bueltatara. Horrela, lau biko onenek finalerdiak jokatuko dituzte eta bi biko onenek final handia urriaren 13an jokatuko dute, Iruñeko Labriten. Asteartean, Burundan, 22:30eanAltsasun Koteto Ezkurra txapeldun handia ikusteko aukera izango dugu, atzeko koadroetan Olazarren laguntza duela. Altuna II.a eta Etxaberen kontra lehiatu beharko dira. Emozioz betetako lehia izanen da, Altsasun bigarren buelta jokatuko baita. Hau da, irailaren 13an, larunbatean, bi bikoak elkarren kontra Olatzen ariko dira, 18:00etan, eta bueltako partida Altsasuk hartuko du, irailaren 16an, asteartean, Burunda pilotalekuan, 22:30etik aurrera. Beraz, goi mailako erremonte partida espero da. Olatzeko joaneko partidak zer ematen duen ikusi beharko da, baina printzipioz Ezkurra eta Olazar dira faboritoak. Hori bai, lan handia egin beharko dute Altuna II.a eta Etxabe garaitzeko.