Bidelan taldeko Zabaleta txapeldun atzo Altsasun

Guaixe 2008ko ira. 16a, 00:00
Atzo eliteko eta 23 urtez azpiko afizionatuek lasterketa zuen Altsasun, LXXVIII. Altsasu Txirrindularitza Proba, Euskaldun Torneorako puntuagarria. Goizeko 10:00etan eguraldi fresko eta ilunari aurre egin eta hasiera eman zioten S. D. Altsasuk antolatutako lasterketari. 121 kilometroko ibilbide gorabeheratsua zuten aurretik, Burunda eta Aranatzen barna. Tartean, bi aldiz gainditu behar izan zuten Lizarragako portua eta hirutan Altamira. Beste behin ere agerian geratu zen Altsasuko probaren gogortasuna, irteera puntuan zeuden 53 txirrindularietatik 25 bakarrik iritsi baitziren helmugara. Lasterketa hasi bezain laster 7 txirrindularik hartu zuten aurrea. Lizarragako portuaren bigarren jaitsieran, helmugarako 40 kilometroren faltan, taldea apurtu eta 3 lagun jarri ziren lasterketa buruan. Horien artean erabaki zen garaipena Altsasuko helmugan. Esprintera itxoin gabe, helmuga begi bistan zuela indartsu abiatu zen Bidelan taldeko Garikoitz Zabaleta eta ihes-lagunak atzean utzita, berarendako izan zen garaipena.Rural Kutxak ezin izan zuen iazko garaipena errepikatu. Arturo Ariño izan zen etxeko taldeko lehena, 5. postuan, irabazlearengandik 28 segundora. Julen Gonzalez mendian onena izan zen, eta bere taldea, Azpiru, lasterketako onena. Tarteko helmugak kontuan hartuz, Diaz Begiristain tarteko helmuga eta Tu Tienda Especialeko tarteko helmugak Lizarte taldeko Iñigo Sagastibeltzak eskuratu zituen. Katealdeko tarteko helmuga, aldiz, Lizarteko Jose Andres Vegak.