Goi mailako erremontea gaur Altsasun

Guaixe 2008ko irailaren 16a

Abian da Nafarroako III. Erremonte Torneoa-Muebles Polque Sari Nagusia. Erremontea Nafarroako herrietara hurbiltzeko asmoz, frontoi motzetan jokatzen ari da lehia, eta hain zuzen ere Nafarroako 13 herritara ailegatuko da txapelketa, tartean Altsasura. Aipatu txapelketa Remonteberri enpresak eta Euskal Jai Berri Erremonte Fundazioak antolatu dute, Nafarroako Pilota Federazioaren eta hainbat erakunderen laguntzarekin. Egungo 16 erremontista onenak ariko dira lanean, 8 bikote osatuz, eta zuzenean final laurdenetan lehiatuko dira guztiak, kanporaketa zuzenetako sisteman, bi bueltatara. Horrela, lau biko onenek finalerdiak jokatuko dituzte eta bi biko onenek final handia urriaren 13an jokatuko dute, Iruñeko Labriten. Gaur, Burundan, 22:30eanGaur Altsasun Koteto Ezkurra txapeldun handia ikusteko aukera izango dugu, atzeko koadroetan Olazarren laguntza duela. Altuna II.a eta Etxaberen kontra lehiatu beharko dira. Emozioz betetako lehia izanen da, Altsasun bigarren buelta jokatuko baita. Hau da, larunbatean, bi bikoak elkarren kontra aritu ziren Olatzen, eta 32-40 irabazi zuten Altuna II.a eta Etxabek. Bueltako partida Altsasuk hartuko du gaur, Burunda pilotalekuan, 22:30etik aurrera. Txapelketan jarraitu nahi badute alde handiz irabazi beharko dute Ezkurrak eta Olazarrek.