Nafarroa, Zazpi Herrialdeen Arteko Txapelketako irabazlea seigarrenez

Guaixe 2008ko irailaren 16a

Eguraldi petrala zela medio, Donostiako Atano III.a pilotalekuan jokatu zen Euskal Herriko Herri Kirol Federazioak antolatutako Zazpi Herrialdeen Arteko Herri Kirol Txapelketa. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa, Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa taldeak lehiatu ziren, guztira 150 kirolari inguru, ondoko probatan: koxkol-biltzea, harri-jasotzea, txingak, ingude-jasotzea, lasto-jasotzea, orga-jokoa, zaku-eramatea, trontza eta aizkora. Nafarroa taldean 20 kirolari aritu ziren, eta guztien artean ordezkari sakandar bakarra Floren Nazabal aizkolari etxarriarra izan zen. Bestalde, Arabako aizkolaria Arkaitz Jauregi izan zen, Sakanako Aizkora Eskolan aritzen den Ilarduiako Lezeko semea. NagusitasunaLan bikaina egin zuen Nafarroako taldeak. Primerako giro paregabean, 400 zaleren aurrean, garaile suertatu zen, Herrialdeen Arteko txapela seigarren aldiz jantziz, bosgarren urtez jarraian. Uste baino errazago lortu zuten txapela, kirolari nafarrak aurreneko postuetan aritu baitziren. Hori bai, gainontzeko herrialdeek ere talde bikaina osatu zuten. Koxkolak biltzen Nafarroako Josu Jimenez izan zen onena. Harria jasotzen Unai Bertiz nafarra izan zen azkarrena. Txingetan Arabako Roman Hierro nagusitu zen eta ingudean herrialde bereko Erlantz Franco. Lasto jasotzean Nafarroako Iñaki Bereau izan zen azkarrena  eta orga jokoan Remi Cazenave xuberotarra. Zakua ematen nafarrak azkarrenak aritu ziren (Oier Aizkorbe, Jose Luis Cano eta Carlos Santamaría) eta trontzan gipuzkoarrak, Aitor eta Igor Esnaola. Sokatira proba Bizkaiak eraman zuen. Aizkoran Floren Nazabal zen faborito eta Etxarrikoak erraz bereganatu zuen proba (4:07.79). Bigarrenari, Bizkaiko Aitzol Atutxari, 20 segundoko aldea atera zion (4:27.22). Arkaitz Jauregik lan ederra egin zuen, laugarren sailkatuz (6:21.16).  Nafarroak 62 puntu eskuratu zizkion. Bigarrenari, Gipuzkoari, 9 puntu atera zizkion, eta hirugarrenari, Bizkaiari, 13 puntu. Hurrengo urtean Nafarroak hartuko du Zazpi Herrialdeen Arteko 2009ko Txapelketa.