Aurten 13,5 milioi euroko aurrekontua du udalak

Guaixe 2008ko irailaren 18a

Diru-sail nagusienakAita Barandiaran Egoitzak behar bezala funtzionatzeko 194.927,13 euro bideratu dira, aurreko urtean baino 51.000 euro gehiago. Antzeko kopurua igo da Udal Musika Patronatuaren aurrekontua, 204.078,31 eurora iritsi arte. Horretaz gain, aurrekontuan 1.345.510 euro bideratzen dira musika eskolako lanak egiteko. Jakina denez, lan horiek ehuneko ehunean diruz lagunduta daude. Udalak ere 60.000 euroko diru-saila bideratu du musika eskola janzteko. Altsasuko Udalaren aurtengo aurrekontuan 0 eta 3 urte arteko umeak hartuko dituen zentroko lanak egiteko 500.000 euro bideratu dira. Generoen arteko berdintasuna lantzeko jardueretarako 25.000 euro aurreikusi ditu udalak. 80.000 euro kultur jardueretarako; 35.000 gazteria sailerako eta 45.000 euro kirol jardueretarako eta erakundeen laguntzetarako. Berrikuntza informatikoan, kaleak asfaltatzen, haurren jolas parkeetan eta hiri-altzarietan ere inbertsioak eginen ditu Altsasuko Udalak. LanakLau urteko planean jasoa dago Iortia kultur gune parean dauden kaleen sareak eta zorua berritzeko lanak. Horiek egiteko 1.429.809 euro bideratuko ditu Altsasuko Udalak. Atzo hasi ziren San Juan kaleko lanetarako 446.010 euro eta beste 973.416 euro Geltoki auzoa eta Felix Arano kalean egin beharreko lanetarako. Bestalde, udaletxean igogailua jarri nahi du udalak eta horretara 140.000 euro bideratu ditu. Beste 100.000 euro Zelandi eskola publikoan hobekuntza lanak egiteko izanen dira. Krisia dela eta diru sarreren aurreikuspena egiterakoan "tentuz" jokatu dutela adierazi zuten udal ordezkariek. Hala ere, aurrekontuetan 1.714.613,50 euroko mailegua eskatzeko aukera ere jasoa dago.AldaketakHainbat eten izan zituen bilkura batean onartu zen udalaren aurtengo aurrekontua eta ondorio pare bat utzi zituen. Alde batetik, Nafarroa Baiko zinegotzi den Mari Carmen Otaegik alkateari karguari uko egiten dion idatzia aurkeztu zion. Dimisioa oraindik ez da gauzatu. Bestalde, udaleko gobernu batzordeak osaketa berria ekarri zuen bilkura hark. Ezker Batua aurrekontuen alde agertu zen eta horrek gobernu batzordean sartzea ekarri dio. Hala, NaBai 3 kide izatetik 2 izatera pasako da. Koalizioko zinegotziaren ordez gobernu batzordean Ezker Batuko Arturo Carreño zinegotzia izanen da. Alderdi Soziliastak gobernu batzordean zituen bi kideei eutsiko die.