Ostalari talde batek festak 14tik gertuen dagoen asteburuan hastea proposatu dute

Guaixe 2008ko irailaren 23a

Ostalari talde horrek bere proposamena zabaltzerakoan gogora ekarri du iazko festen balorazioa: "ostegunean hasi eta astelehenean bukatu ziren eta balorazioa oso ona izan zen". Ostalariek festak aurten larunbatean, heldu den urtean domekan, eta bi urte barru astelehenetik ostiralera izanen direla gogora ekarri dute. Bestalde, nabarmendu dutenez, "festak irailan dira, altsasuar mordoak kanpoan lan egiten du, jende ugari oporretan doa. Horregatik uste dugu festen gozamena sustatu behar dela asteburuarekin bat egitean. Hala, denek festaz gozatzeko aukera genuke, Altsasuko berezko giroan eragingo lukena". Ostalariek gogora ekarri dute pasa den mendeko 30eko hamarkadan festak lastailetik irailera pasa zirela eguraldia zela eta. Proposamenaren bultzatzaileek bere ideiari indar gehiago emateko gogora ekarri dute "aurten bertan ihoteen data aldatu da Santa Agedarekin bat egin ez zezan, eta ez da inolako traumarik izan".