Udalak deitutako bilkura batek ETA-ren atentatuak eta Luis Conderen hilketa salatu zituen

Guaixe 2008ko irailaren 24a

Deitzaileek ere elkarretaratzearen ondoren adierazpena zabaldu zuten. Altsasuko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak "ETA-k burututako ekintzak deitoragarritzat jo" ditu, "pertsona bat hil eta beste batzuk zaurituta suertatu baitira". Hildako Luis Conderen familiari doluminak adierazi zizkion Altsasuko Udalak eta zauritutakoei eta hurkoei "osatuko direnaren esperantza. Bidenabar, elkartasuna helarazi nahi diegu horien senideei, lankideei eta lagunei".Azkenik, Altsasuko Udalak berretsi nahi izan zuen "bizitza eskubidearekin eta beste giza eskubide guztiekin duen erabateko konpromisoa". Aldi berean, Altsasuko Udalak "deitoragarritzat" jo zuen "helburu politikoak nahiz bestelakoak lortzeko indarkeria erabiltzea". Horrekin batera, udalak "ETA-k desagertu beharra duelako uste betea adierazi nahi du, politikagintzan akordioak erdietsi ahal izateko bide bakarrak, bide baketsu eta demokratikoak eta hitza baitira".Ezker abertzaleaAsteburuko atentatuen ondoren ezker abertzaleak adierazi du lehentasuna "gatazka politikoa eta armatua termino demokratikoetan konpontzea" dela. Horretarako beharra agerian gelditu dela uste du ezker abertzaleak. Ezker abertzalearendako "gatazka konponduko bada, ezinbestekoa da inposaketaren, ukazioaren eta zatiketaren marko konstituzional hau gainditzea eta Euskal Herriaren eskubide nazionalak aitortu eta bermatuko dituen marko demokratikoa eraikitzea". Izan ere, ezker abertzalerarendako egungo markoak galarazi egiten du "Euskal Herriak bere etorkizunaren jabe izatea".