Ion Monreal eta Laura Claver ongi Iruñeko Teknika Openean

Guaixe 2008ko irailaren 30a

Asteburuan Iruñeko Takwondo Teknika Opena jokatu da. Lehiaketa horretan modu koordinatuan taekwondoko posturak, mugimenduak eta beste markatu behar dituzte. Hiru talde lehiatu dira: Frantziako Selekzioa, Nafarroa eta Madrilgo Azofra Kluba. Emaitza guztiak kontuan hartuz, Nafarroa taldekako irabazlea izan zen, baina urreak edo lehen postuak kontuan hartuz, aldiz, Frantzia izan zen garaile. Nolanahi ere lan bikaina egin zuten Nafarroako taekwondistek. Ion Monreal eta Laura Claver taekwondista altsasuarrak Nafarroako selekzioarekin aritu ziren lehian. Biak Altsasuko Bargagain Taekwondo klubekoak dira. Alde batetik gizonezkoen hirukoan lehiatu zen Ion Monreal, Alex Elizalderekin eta Jorge Cabezarekin hirukoa osatuz. Bigarrenak izan ziren, Frantziako selekzioaren atzetik. Bestalde, lehen mailako bikoteetan aritu zen altsasuarra, Celia Calderonekin bikoa osatuz. Hirugarrenak izan ziren, Frantziako Katia Parroche eta Julien LE, eta Nafarroako Caridad Chueca eta Alex Elizalderen atzetik. Laura Claver nesken hirukoan aritu zen, Yersenia Garcia eta Arantxa Marcosekin batera. Hirugarrenak izan ziren, Frantziaren eta Nafarroako beste hiruko baten atzetik.