Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gauzak horrela, udaleko ordezkaritza bat Santi Zelaia toponimian aditua den altsasuarrarekin batera, izendatu beharreko kaleak bisitatu zituen eta ondoren bilkurak onartutako proposamena egin zuen. Udalak erabakitakoaren arabera, igerileku estalien sarrera Amonaren espila kalean dago. Etorkizunean, inguru hori urbanizatzen denean, karrika hori egun okindegia dagoen tokiraino luzatuko da. Kale hori eta Zelai kalea lotzen dituen kale txikiari Erlatai izena eman zion udalak. Otadiako urbanizazioan ere hainbat kale berri eraiki dira eta haiek ere izendatu zituen aurrekoan udalak. Hala, San Pedroko bideko borobiletik abiatzen den karrikak Amandrea izena izanen du. Harekiko paraleloa dena Zubiberri kalea izanen da. Izenak, Burunda ibaia zeharkatzeko eraiki zen zubi batekin luke lotura. Bi kale horiekiko transbertsalak diren beste bi kaleek Santo Kristo barren eta Soldaubide izena hartuko dute. Azken horretatik, antza, karlisten gudarostea sartu omen zen. Bestalde, Lapurbide karrika Otadian barna luzatuko da. Gatazka politikoazLuis Conde militarra hil zuen Santoñako ETAren atentatua kondenatu zuen Altsasuko Udalak azken bilkuran. PSN, UPN eta IUN-NEBen aldeko botoekin onartu zen atentatuaren kondena. Nafarroa Bai eta EAE-ANV abstenitu egin ziren. Onartutako testuan ETAren kontra jotzeaz gain, hildakoaren familiari dolua azaldu eta "hilketaren egileak espetxean zigor osoa betetzeko nahia" jasotzen da. Bestalde, EAE-ANVren legez kanporatzea ere eztabaidagaia izan zen bilkuran. Ekintzaileek hura salatu eta egungo markoa gainditzeko eskaera jasotzen zuen mozioak ez zuen aurrera egin. EAE-ANV-k mozioaren alde egin zuen, NaBai abstenitu egin zen eta PSN, UPN eta IUN-NEB kontrako boza eman zuten.