Kirol azpiegitura berria ezagutzeko jakin-mina

Guaixe 2008ko urr. 1a, 00:00

Udalak egindako gonbitea bere egin zuten makina bat altsasuarrek eta bertatik bertara azpiegitura ezagutzeko aukera izan zuten. Jendeari "asko gustatu" zitzaion ikusitakoa. Mustutze ekitaldia zinta mozketarekin hasi zen. Unai Hualde alkatearekin batera, Iñaki Migel kirol zinegotzia eta Nafarroako Kirol Institutuko zuzendari Javier Esparza izan ziren. "Populazioaren ongizaterako, kalitatezko eraikuntzak izan ditzan", azken urteetan udala egiten ari den "diru eta giza ahalegin garrantzitsua" nabarmendu zuen Unai Hualdek. Zelandiko kirol gunea egiteko eta hura janzteko 4,2 milioi euro bideratu dira. EskaintzaZelandiko kirol gunea bisitatu zutenek hura proiektatu zuen Javier Chocarro arkitektuaren azalpenak entzun zituzten ere. Udal ordezkariek azaldu zutenez, asteazkenetik aurrera kirol guneko harreran Nitran Pool enpresako langileak eskaintzari eta prezioei buruzko argibideak ematen izanen dira. Informazio hori etxeetara ere banatuko da. Altsasuarrek kirol azpiegitura berria hilaren bigarren zatian erabiltzeko moduan izanen dela argitu zuten udal agintariek. Larunbatean jakinarazi zuten Zelandiko kirol guneak izanen dituen ordutegiak. Astelehen, asteazken, ostiral eta larunbatetan 8:00etatik 21:00etara izanen da zabalik. Astearte eta ostegunetan, berriz, 7:00etatik 21:30era. Domekatan eta jai egunetan, aldiz, 9:00etatik 13:30era. Enpresak honako ikastaroak eskainiko ditu: psikomotrizitatea, kirol-aniztasuna, aerobika, mantenu gimnasia, karibeko dantzak, gimnasia leuna, barruko zikloa, pilates, sabel dantza, hip-hopa eta adinaren araberako igeriketa ikastaroak. Igerilekuak (Zelandi eta Dantzalekukoak) eta ur eremua erabili nahi dituztenek hilero 16 euro ordaindu beharko dituzte. Gimnasiora joan nahi duenak 21 euro pagatu beharko ditu hilero. Familiek, jubilatuek guraso bakarra duten familiek, haurrek gabeziaren bat duten pertsonek eta klubek %15 eta %30 arteko deskontua izanen dute hileko txartelan. Udalak orain arte eskaintzen zituen ikastaroen prezioei aurtengo KPIa gehitu zaie. Deskontuak izanen dira.