Kimaren urteurreneko erakusketa

Guaixe 2008ko urriaren 7a

Erakusketaren aurreneko zatiak euskarak Altsasun egin duen bidearen berri emanen du. Kimak efemeride eta irudi bilduma bat osatu du eta horren bidez "Altsasu eta euskararen arteko harremanaren berri" jasotzeko aukera izanen du bisitariak. Erakusketaren beste atal bat osatuko du  Topaguneak, Euskara Elkarteen Federazioak ekoiztutako Euskara Elkarteen Erakusketa Ibiltariak. Kimatik aurreratu dutenez, haren bidez "euskara elkarteen gaur egungo dimentsioaren argazkia eskaintzen du, baita haien bilakaeraren berri eta gaur egungo jardueraren berri eman ere". Horretarako panel eta ikus-entzunezko bat erabiltzen da. Erakusketa Kimaren 5 urteko jardunaren laburpen batekin osatuko da. Kima Euskara Taldeak antolatutako erakusketa Gure Etxea erakinaren erakusketa aretoan izanen da ikusgai, gaurtik domekara. 19:00etatik 21:00etara zabalduko ditu ateak erakusketak eta asteburuan 12:00etatik 14:00etara ere bisitatu ahalko da. Kima euskara taldeak ere aurreratu du hilaren 11n, 11:30ean, batzar irekia eginen duela, taldearen "ibilbidearen errepaso azkarra egin eta ekarpenak, kritikak eta iritzi trukerako espazioa" izan nahi duena.