Extremadurako astea, Piedras Albasekin senidetzea sendotzeko modua

Guaixe 2008ko urriaren 6a

Piedras Albasgo alkate Maria Antonia Fernandez Hernandez gonbidatu zuen La Encinak. Berak irakurri zuen aurtengo pregoia. Iortian egindako ekitaldian Caceresgo alkate sozialistak azaldu zuen nola hartu zituen udal ardurak. Horretaz gain, La Encina kultur elkartea eta bi herrien arteko senidetzeaz jardun zen. Senidetze hori ez galtzeko ahaleginak eginen dituela ere aitortu zuen. Pregoia irakurri aurretik, eguerdian, La Encinako kideek gonbidatutako agintariei harrera egin zieten. Piedras Albasko alkatearekin batera, Altsasuko Udaleko ordezkari gisa, Iñaki Miguel kultura zinegotzia izan zen, arrazoi pertsonalengatik alkatea kanpoan baitzen. Mahai inguruan bildu eta arratsaldeko emanaldietan elkarrekin izan ziren eta udalek elkarri opariak trukatzeko aukera ere izan zuten. EkitaldiakLarunbatera arte izan zen ikusgai Kepa Aperribairen kafe-makinen erakusketa. Basauriko bildumazalea altsasuarren interesagatik "pozik" joan zela esan digute La Encinako kideek. Bestalde, bai larunbateko Rocamador folk taldearen, bai domekako Herencia del sur eta Sortilegio andaluz taldeen ikuskizunak jendea erakarri eta gogo bete zuten.Hala ere, La Encinak antolatu duen Extremadurako VIII. Asteak segida izanen du. Larunbatean, 19:00etan, Iortia kultur gunean Nafarroako joten emanaldi batekin gozatzeko aukera izanen da. Hilaren 16an, ostegunarekin, berriz, filma bat ikusteko eskaintza egin du La Encinak. Un novio para Yasmina filma proiektatuko da Iortia kultur gunean. Bi ekitaldietarako sarrera dohainik da.