Gaztetxea, adinez nagusi

Guaixe 2008ko urriaren 10a

Urteurren ospakizunak pasa den domekan hasi ziren, txupinazoaren botatzearekin. Ondoren gaztetxean bideo emanaldia izan zen. Asteazkenean Bilgune Feministako kideek emakumearen inguruko hitzaldia eskaini zuten. Hitzaldiak ez zuen gazte asanbladaren ohiko jarduna eten, eta asteazkenero egin ohi duten bezala, gazteek batzarra egin zuten. Atzo, herri mugimenduek sortu dituzten pegatinen bilduma ikusteko aukera izan zen gaztetxean. AsteburuaGaztetxearen urteurreneko ospakizunek asteburuan izanen dute segida. Gaur bertan, 17:00etan, haurrendako jolasak antolatu dituzte gazte asanbladako kideek. Plazan izanen dira. Gaueko hamaiketan zirku ikuskizunaren txanda izanen da. Kafea ere zerbitzatuko dela iragarri dute AGAkoek. Altsasuko gaztetxearen urtebetetze ospakizunetan ezin falta den kalderete txapelketa larunbatean eginen da. Sukaldariak lapikoak sutan 11:00etan jarriko dituzte eta haiek prestatutakoarekin, 14:00etan, herri bazkaria izanen da. Digestioa egiteko gazte jolasak iragarri dituzte. Urteurreneko ospakizunak Vendetta eta The Fretangas taldeen kontzertuarekin itxiko dira.