Sunsundeguik hiri-garraiorako autobus berria aurkeztu du

Guaixe 2008ko urriaren 15a

Autobus modelo berria Sunsundeguik 2004an sortu zuen Astral modeloan inspiratuta dago. Aurreko modelo hura hiri arteko garraiorako pentsatua zegoen eta 4 urtetan merkatuan toki nabarmen bat hartu du, 800 ibilgailu salduz. Ibilgailu berriarekin enpresa altsasuarrak merkatu aukera berriak sortu nahi ditu. Horretarako "diseinu berritzailea eta funtzionaltasun handiko" autobusa prestatu du, "erabiltzaileen erosotasunean pentsatuz, beti ere". Hala, bidaiariak zutik edo eserita joateko tokia dago. Mugikortasun arazoak dituzten pertsonak ibilgailura sartzeko plataformak ere baditu. Gidaria, berriz, aire egokitua eta berogailua dituen gela itxi batean joanen da. Bi urte luzeko lana eskatu dio Sunsundeguiri hiri-autobus berria garatzeak. Luzeraren arabera bi motatakoak daude, 12 eta 18 metrotakoak. Autobus horietako bat ilbeltzaz geroztik Irun eta Hondarribia artean lanean ari da.