Lezaldeko egitasmoa, behin-behinean, geldi

Guaixe 2008ko urriaren 15a

Administrazioarekiko auzien Iruñeko 3. epaitegiak auto bidez, kautelazko neurri gisa, Lezaldeko birpartzelazioa gauzatzeko egitasmoa eten du. Horrekin batera, etenda gelditu da Udaleko Gobernu Batzordeak martxoaren 3an onartu zuen egitasmoaren testu bateratua ere. Irailean epaitegiak plan partzialaren moldaketa onartu zuen udal erabakia bertan behera utzi zuen. Altsasuko Udaletik azaldu digutenez, auto berriak "ez ditu obrak egiten uzten birpartzelazioari buruzko epaiketak erabaki arte". Bitartean udalak bere lege eta hirigintza aholkulariei txosten bana eskatu die. Haien bidez, udala zein egoeratan dagoen eta jarduteko zein aukera dituen jakin nahi dute hautetsiek.