Berrerabilpenaren artea

Guaixe 2008ko urriaren 16a

Txefo Mendezen erakusketa bisitatzen duenak bi galdera luzatzen dituen testua opatuko du sarreran bertan, ongi etorriarekin batera: Zer da artea? Zer da artisautza? Bataren eta bestearen balioaz hausnartzen jarri nahi du Txefok bisitaria sartu aurretik. Txefok, artisau gisa, bere jardunaren aldarrikapena egiten du. Egurra Barruan artisauaren lana, egurra edo zura lehengai duena. Guztia berrerabilia. Uharte Iruñean moztutako pinazi-pinu batzuetik ateratakoak, denboraleak hondartzan utzitakoak, eraikin zaharren hondakinetatik ateratako egur zatiak... Guztia artisauaren esku maitekorrez tratatua. Piezei dagokionez, Txefok Altsasun erakusten duena eguneroko bizitzan erabil daitezkeen aulki, erloju eta bestelakoak, batetik, baina haiekin batera ere totem itxura har dezaketen eskultura lanak ere. Piezak lantzerakoan artisauak gubia darabil esku artean. Baina zur lanketaren osagarri dira egurrean txertatzen dituen beirak, metalak, suak eta argiak. Kolorea ere. Altsasun bizitakoa da Txefo Mendez eta herrian dituen lagunetako batzuk lagundu zioten Iortiako erakusketa prestatzen. Egun Zarautzen bizi da eta han du Artea izeneko tailerra. Harekin hitz egin nahi duenak larunbatean, 18:00etatik 20:30era, Iortian eginen den mustutze ekitaldian izanen du aukera.