Onddo lasterketan parte hartzera animatu du Dantzaleku-Sakanak

Guaixe 2008ko urriaren 17a

Kirola egitea osasunarendako onuragarria dela ez dago zalantzarik. Gure herrietako kale, bide eta basoetan barna kirola egiteko asmoz korrika egitera atera den jende andana ikus daiteke. Horietako asko Sakanan eta Euskal Herrian barna antolatzen diren lasterketetan lehiatzen dira, baina gurean badaude ere lasterketetan lehiatzen ez diren korrikalari asko eta asko, lehiaketak gustuko ez dituztenak. Eta hain zuzen ere korrikalari guztiendako, lasterketetan aritu eta bere kabuz korrika egitera ateratzen diren zaletuendako, lasterketa ez lehiakorra antolatu du Dantzaleku-Sakana atletismo klubak larunbatean Altsasun, hainbat babesle eta laguntzailerekin batera. Udazken kolore ederrez gozatzeko ibilbideaAltsasuko Feriak direla kontuan hartuta, berotasun berezia izanen du Onddo Lasterketa izenarekin bataiatu duten probak. 7,5 km-ko ibilbide ederra izanen da, haritz artean, onddoak ezkutatzen diren paraje ederretan hain zuzen. Altsasuko Foruen plazatik irten eta Pilotajokutik basorako bidea hartuko dute, Otaibarren, Olloetxe eta Zamarretako zubian barna. San Pedrora iritsi eta, nahi izanez gero, indarrak berritzeko aukera izanen dute bertan, horniketa postuan. Ondoren, baso itxitik Dantzalekurako bidea hartu eta Maibelotik plazara itzuliko dira, lasterketa amaitzeko. "Jende guztia animatu nahi dugu Onddo Lasterketan parte hartzera, gazteak bereziki, normalean laster egitera ateratzen ez direnak. Abiadura lasaian joango gara, edozeinek jarraitzeko moduan, helburua sakandarrak korrika egitera animatzea baita, ez lehiatzea" dio Dantzaleku-Sakanako presidente Mikel Goikoetxeak. Horregatik proba honetan ez da saririk egonen. "Parte hartzaile guztiek kamixeta jasoko dute eta korrikalarien artean ferietako produktu tipikoen zozketa eginen dugu, txistorra, pate, gazta eta bestelako produktu loteak" gaineratu du Goikoetxeak. Parte hartzaileek onddoekin eta pastel gozoekin indar berritzeko aukera izanen dute gainera. 11:00etan eta 12:00etanOnddo Lasterketa urriaren 18an antolatu dute, larunbatean. Goizeko 11:00etan XIX. Eskola Krosa abiatuko da, hau da, txikitxo eta gaztetxoenak ariko dira korrikan. Eta 12:00etan nagusien txanda izango da. Bi lasterketak Altsasuko Foruen Plazatik abiatu eta bertan despedituko dira, Altsasuko baso itxian, San Pedron eta Dantzalekun barna ibili eta gero. Egunean bertan eman daiteke izena, herriko plazan. Orain 5 urteko ideiaDantzaleku Atletismo Taldeko zuzendaritza batzordeak aspaldiko nahia zuen ezaugarri hauetako lasterketa bat antolatzea. "Lasterketa herrikoi bat antolatzea nahi izan dugu, lagunartean, familian, haurrekin, edozeinek egin dezakeena" adierazi zuen Pello Bergarak probaren aurkezpenean. "Hori zen zuzendaritzan sartzean hartu genuen konpromisoetako bat" gaineratu du. Orduan jarri zituzten beste bi helburu beteta dituzte dagoeneko. "Taldea indartzea zen gure helburutako bat eta 5 urtetan 40 kide izatetik 200 izatera pasa gara. Gainera mendiko taldea sortuta elkartearen esparrua zabaldu dugu" esan zuen Pello Bergarak. Taldea osasuntsu dagoen seinale, Dantzaleku Atletismo Taldeak Euskadiko Kutxa eta Unamunoren laguntza izanen du beste 5 urtez.