Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azken urte hauetako bidea jarraituz Altsasuko Feriak iristearekin batera kick boxing jaialdia helduko da Burundako herrira. Hain zuzen ere gaur izanen da, urriaren 17an, ostirala, Altsasuko Burunda pilotalekuan, 22:00etatik aurrera. Guztira 8 borrokaldi izanen dira, zazpi gizonezkoenak eta bat emakumezkoena. Gizonezkoetan Ivan Vera altsasuarra lehian ikusteko aukera izango dugu. Sakanan kick boxingarekiko zaletasun handia dago eta horren isla da azken urteetan Altsasuko Ferien harira antolatzen den kick boxing jaialdia. Gaurkoan gizonezkoen zazpi borrokaldi izanen dira eta horietako batean Ivan Vera altsasuarra lehiatuko da. Horretaz gain, nesken borrokaldia iragarri dute: Gasteizko Zuriñe Zelaik Bilboko Ana I. Sordo izanen du aurkari. Veraren debutaIvan Vera altsasuarra beste hainbat sakandar eta aguraindarrekin aritzen da kick boxingean Altsasuko Mojen eraikina zenaren gimnasioan, Martin Mendia monitore altsasuarrarekin. "10-13 urte bitartean kirola egiten nuen baina gero utzi nuen. 18 urterekin atzera ere kirola egiten hastea erabaki nuen eta kick boxingean hasi nintzen. Urte bat daramat eta gaur debutatuko dut Altsasun" dio Ivanek. Ivan luma-pisua kategorian aritzen da, eta oraindik ez daki nor izango den bere arerioa gaurko jaialdian. Hala ere, altsasuarra ez dago urduri. "Urduri? Ez, besterik gabe" dio. Lagunak bera lehian ikustera joanen dira, baina etxekoak zer eginen duten ez daki altsasuarrak. "Nik kirola egitea gustuko dute baina ez dakit borrokaldira etorriko diren. Agian gogorregia eginen zaie" gaineratzen du. Verak argi dauka kick boxingean jarraitu nahi duela eta horregatik pozik dago gaur debutatuko duelako, eta are gehiago Altsasun, bere herrian. Boxeoa eta arte martzialak bateraKick boxinga jatorri japoniarra duen arte martziala da. Bertan boxeoaren eta borrokaren teknikak karatea eta taekwondoa bezalako arte martzialen teknikekin nahasi egiten dira. Boxeo eskularruak dituzte kick boxingean aritzen direnek eta besoekin bereziki boxeo teknikak lantzen dituzte, eta hankekin, aldiz, arte martzialen mugimenduak. Finean: gerritik gora boxeoa eta gerritik behera karatea eta taekwondoa. Kirol honek oreka, malgutasuna, potentzia eta erresistentzia lantzen ditu. Defentsa edo babesa boxeotik hartzen du, eta estrategia, aldiz, karate eta taekwondotik. Hanka eta eskumuturrak dira kirol honen oinarri, baina gorputz osoa lantzeko oso aproposa da, eta buruaren oreka lortzeko ere bai. Oso kirol osoa da, prestaketa fisiko orokorrari garrantzi handia ematen baitio: lasterka egin, pisuak altxatu, sokasaltoan ibili, abdominalak egin...