Atutxa Euskal Herriko III. mailako txapeldun Altsasun

Guaixe 2008ko urriaren 20a

Larunbatean jokatu zen Euskal Herriko III. Mailako Aizkora Txapelketako finala Altsasun, Ferietan. Sei aizkolari aritu ziren lehian eta guztien artean Aitzol Atutxa gailendu zen, II. mailara igoz. Bigarren sailkatutakoa, Ander Erasun, hurrengo urtean ere II. mailan ariko da. Esan bezala sei aizkolari aritu ziren lehian Iortia Kultur Guneko Plazan: Aitzol Atutxa, Ander Erasun, Aratz Mugertza, Raul Castro, Jexux Etxeberria eta Asier Pellejero. Txapelketako kanporaketetan aizkolari sakandarrak aritu ziren - David Amillano, Goizeder Beltza eta Juanjo Erdozia - baina ez ziren finalerako sailkatu. Bada, aizkolari bakoitzak Manuel Gorritik eta Arzak Urbasatik ekarritako bosna pago-enbor ebaki behar zituen, hiru kanaerdiko eta bi 60 ontzako. 450 ikusle inguru bildu ziren aizkolarien lana segitzeko asmoz. Lehen egurra azkarren ebaki zuen eta hasieratik proba buruan jarri zen iaz txapeldunorde izan zen Aitzol Atutxa bizkaitarra, erritmo bizia ezarriz, eta Erasun eta Castro izan zituen atzean. Enborrean adarrak atera eta arazoak izan zituzten Erasunek eta Etxeberriak, eta hortaz, 21 urte dituen Atutxak nahikoa izan zuen berak ezarritako erritmoari eustea txapela janzteko (12:35). Bigarren postua erabakitzeko oso lehia polita izan zen eta azkenean 18 urteko Ander Erasun nafarra izan zen txapeldunorde (14:40), hirugarren sailkatu zen Aratz Mugertza mutrikuarrari 29 segundo atereaz (15:09). Atzetik sailkatu ziren Raul Castro (15:39), Jexus Etxeberria (15:45) eta Asier Pellejero (18:34).