Senior mailan Altsasuko bi taldeek garaipenik ez

Guaixe 2008ko urriaren 20a

Senior mailan Altsasuko Saskibaloi Taldeko bi talde ari dira lehian, Juniorrak Autonomiako 2. mailako lehen multzoan, eta Beteranoak Autonomiako 2. mailako bigarren multzoan. Bada, hirugarren jardunaldian ere Altsasuko bi taldeek ez dute etxera garaipenik ekarri. Horrela, lehen multzoan C.D. Amayak 83-52 irabazi zien Altsasuko Jubenil taldeari. Altsasuko jubenilek arineketan jokatu zuten, jokaldiak gehiegi planifikatu eta hausnartu gabe, erasoak segundo gutxitan bukatu nahian eta orden askorik gabe. Horregatik akats asko egin zituzten eta akats horietaz baliatu zen Amaia, partida 83-52 irabazteko, argi asko. Ikusi beharko da galera horrek zein eragin daukan jokalariengan. Larunbatean urriaren 25ean laugarren jardunaldia jokatuko dute Autonomiako bigarren mailako lehen multzoko jokalariek. Altsasuk atzera ere kanpoan jokatuko dute, Iruñean, Ursulinas Fonseca taldearen kontra, 20:00etan. Arerio gogorra da Iruñeko taldea. Autonomiako bigarren mailako bigarren multzoan, Altsasuko Beteranoek itxura hobea eman zuten San Juan taldearen kontra, bereziki orain arte jolasterik izan ez zuten Carlos Macho, Garikoitz eta Iñigo Ruizen ekarpena nabaritu zelako. Lehendabiziko bi zatietan bi taldeak paretsu aritu ziren baina hirugarrenean San Juanek ia 20 puntuko abantaila hartu zuen. Nahiz eta azken laurdenean diferentzia gutxitu, Altsasuko Beteranoek ezin zuten garaipena lortu eta 74-63 galdu zuten. Larunbatean Uharte Iruñean jokatuko dute Altsasuko Beteranoek laugarren jardunaldia, 19:00etan, Uharte taldearen kontra. Ea bi taldeek denboraldiko lehen garaipena lortzen duten.