Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Dantzaleku-Sakana taldeak Altsasuko ferietan antolatutako Onddo lasterketa ez lehiakorrak guztiz girotu zituen Alde Zaharra eta basoak. 102 korrikalarik erantzun zioten Sakanako klubak egindako deialdiari, eta helburuak bete egin ziren: giro ederrean korrika egin, onddoak ateratzen diren paraje ederretan barna, lehiatu gabe eta erritmo lasaian. Izan ere, lehiaketetan aritzen diren korrikalariez gain, besterik gabe korrika egiten duen jende asko dago Sakanan, lehiatzea gustuko ez dutenak. Eta horiei guztiei eta baita lehiatzen direnei begira ere prestatu zen Onddoen lasterketa. Eguraldi bikaina lagun eta festa giroan, bereziki Sakanatik eta baita Iruñetik, Gipuzkoatik eta Arabatik etorritako 102 korrikalariak Foruen Plazan hasi eta Otaibar, Olloetxe, Zamarretako zubia, San Pedro eta Dantzalekun barna ibili ziren, ibilbidea Foruen Plazan bukatuz. Erritmo biziagoan batzuk, eta mantsoagoan besteak, guztiek primeran pasa zuten eta brometan eta besotik hartuta heldu ziren bukaerara. "Oso lasterketa polita izan da, lehiatu gabe parte hartu eta ongi pasatu daitekeela erakusten du honek. "Korrika egin ezazu nahi duzun moduan" zen gure leloa eta lehiaketetan aritzen ez diren korrikalari asko animatu dira parte hartzera, neska asko bereziki. Kontentu gaude" adierazi du Dantzaleku-Sakanako Pello Bergarak. Kamiseta, produktu loteak eta auzateaBukaeran korrikalari guztiek kamiseta jaso zuten, Roberto Garciak onddoen lasterketarako diseinaturiko irudiarekin, eta antolakuntzak Feriekin lotutako 29 produktu lote zozketatu zituzten euren artean. Bukaeran korrikalariendako edariak, pastelak, bizkotxoak eta beste zeuden, eta asko zegoenez proba ikustera bildutako guztiendako auzatea bilakatu zen ekimena. Korrikalariei asko gustatu zitzaien ibilbidea. Ildo honetan, aipatzekoa da lurrean orbel asko zegoela, xendak ia erabat estaliz, eta korrikalari gutxi batzuek ibilbidea jarraitzeko arazoren bat izan zutela. "Autokritika egin beharra dut, San Pedro eta Dantzalekuko guneetan 90 graduko norabidea hartu behar zen bi bidegurutzeetan korrikalari batzuk despistatu zirelako. Hurrengo urtean bi pertsona jarriko ditugu bertan eta gainera bidea markatzeko zintaren kolorea aldatuko dugu, jarri genuena ingurunearekin kamuflatzen baitzen" gaineratu du Bergarak. Bestalde, medikuek emandako babesa eskertu nahi du klubak. Izan ere, egun lasterketa bat antolatzeko anbulantzia medikalizatua eta medikua proban bertan egotea beharrezkoa da. "Medikurik ez badago ez dago lasterketarik. Iñaki Otermin eta Martin Mazkiaran medikuak gure probetara etortzen dira eta oso eskertuak gaude" nabarmendu du Pello Bergarak. Hurrengo urteko lasterketetan onddo saskiak zozketatuko dituztela agindu du Bergarak. "Aurten ez zegoen denboraldiko onddorik eta hurrengo urtean beharko du izan" hitz eman du. Izan ere, oso polita da onddoak ateratzen diren tokian korrika egitea eta gero onddoak opari jasotzea. 60 korrikalari 29. Eskolarteko KroseanOnddoen lasterketa hasi baino lehen 29. Eskolarteko Krosa jokatu zen. Orain arte Zumalakarregin egiten zen lasterketa, baina hemendik aurrera Foruen Plazan jokatuko da. "Toki ideala da, trafikoa mozten ibili behar ez zarelako eta primerako giroa sortzen delako" azaldu du Pello Bergarak.Aurrebenjaminetatik hasi eta haur mailara bitartean 60 korrikalari lehiatu ziren, eta guztiek onddo eguneko kamiseta jaso zuten opari. SailkapenaAurrebenjaminak, mutilak: 1. Javier Morras, 2. Beñat Aldasoro eta 3. Unai Villalobos.Aurrebenjaminak, neskak: 1. Leire Maiza, 2. Amaia Vicente eta 3. Maialen Chamorro.Benjaminak, mutilak: 1. Oihan Vinagre, 2. Mikel Agirre eta 3. Unai Flores.Benjaminak, neskak: 1. Andrea Claver, 2. Leire Chamorro eta 3. Maialen Mikeo. Kimuak, mutilak: 1. Oihan Soto, 2. Mikel Otermin eta 3. Iñigo Maiza.Kimuak, neskak: 1. Amaia Oiarbide, 2. Idoia Jimenez eta 3. Aroa Ramos.Haurrak, mutilak: 1. Iñigo Tobar eta 2. Beñat Iglesias.