Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azken urte hauetan Ferien atarian gertatzen den moduan, ostiral gauean kick boxing jaialdia hartu zuen Altsasuko Burunda pilotalekuak. Kick boxingak boxeoaren teknikak karatea eta taekwondoa bezalako arte martzialen teknikekin nahasi egiten ditu. Boxeo eskularruak jantzita, besoekin bereziki boxeo teknikak lantzen dituzte, eta hankekin, aldiz, arte martzialen mugimenduak. Finean: gerritik gora boxeoa eta gerritik behera karatea eta taekwondoa da kick boxinga. Kirol honek zale asko dauzka eta horren isla ostiralean Burunda pilotalekuan izan zen giro ona eta bertaratu zen jendetza. Guztira 8 borrokaldi izan ziren, eta tartean Ivan Vera altsasuarrak debutatu egin zuen. Ondokoak izan ziren emaitzak: Spartak-ek (Donostia) menpean hartu zuen Luciano Yomakawa (Gimnasio Leon), puntuka. Ivan Vera altsasuarraren debutean garaipena ez zen etxean geratu, Iñigo Manterola donostiarrak puntuka irabazi baitzion. Iñaki Azkarate (Carlos K-1) puntuka gailendu zen Vasile Illearen (Caparroso) gainetik, eta baita Marco Blanco (Sparta), Iker Aragonen (Donostia) gainetik. Roberto Valenciak (Kanku) Carlos Lopez (Carlos K-1) irabazi zuen puntuka, eta Marco Ruizek (Kanku) eta Alex Ugaldek (Bilbo) match baliogabea sinatu zuten, baita nesken borrokaldi bakarrean lehiatu ziren Zuriñe Zelaiak (Gasteiz Sport) eta Ana Sordok (Bilbo).