Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Iortia kultur guneko plazatik eta Altzania karrikara bitarteko kaleak, Intxostia zeharbidea barne hartzen ditu onartutako lan egitasmo batek. Kale horietan guztietan sareak eta zoladura berrituko dira. Lan horietara 1.949.179,3 euro bideratuko ditu Altsasuko Udalak. Herri erdiguneko lan horiek egiteko 12 hilabete aurreikusi ditu udalak, baina ez dira hasiko San Juan kalekoak despeditu arte. Neurri horrekin udal ordezkariek trafiko arazoak eragotzi nahi dituzte. Bitartean, lanak emateko prozedura abiaraziko du udalak.Geltoki eta Felix Arano kaleetako sareak eta zoladura ere berritu eginen du 2009an Altsasuko Udalak. Horretarako 1.105.571 euro bideratuko ditu. Lanak urtea despeditu aurretik hasi nahi lituzke udalak. Lan horiek despeditzean gaur egun Altzania errekan bukatzen duten inguru horretako etxebizitzen ur beltzak bilduko ditu. Horiek araztegira bidaltzeko beste lan bat egin beharko da etorkizunean. Bi kale horietako eta Ibarrea industrialdeko ur beltzak jasotzeko hustubidea ere eraikiko da. Horretarako 150.000 euro bideratuko ditu udalak. Hori gauzatu ahal izateko Altsasuko Udalak finantzaketa plana onartu zuen osteguneko bilkuran.